Soft-Pick-Ak, hortzarteko gomazko eskuilak

soft-pick-gum

Badira hainbat urte gure kontsultan eskuzko eskuilak nahiz elektrikoak erabiltzeaz gainera, soft-pick delakoak gomendatzen ditugula hortzen artea hobetu garbitu ahal izateko. Pertsona askok ohiko eskuilarekin primeran garbitzen dituzte hortzak, baina askok hortzen artean behin eta berriz pasa behar izaten dute.

Hortzarteko eskuilak gomendatzen dira baldin eta pazienteak:

  • Hortzak pilatuta baditu edo, alderantziz, oso bereizita baditu, hortzartean geratzen diren elikagai-hondarrak kentzea zailagoa delako.
  • Oso elkartuta dauden hortzak baditu eta gaztea bada, elikagai-hondarrik geratuz gero zaila izaten delako kentzea ohiko eskuilarekin.
  • Hortzoia galdu ondoren, hutsune edo zulo txikiak baditu hortzen artean. 40 urtetik gora izaten dira horrelako kasuak, batik bat erretzaileen kasuan eta hortzoi-inflamazioa izan duten edo duten pazienteengan.
  • Gingibitis edo periodontitis aktiboak badituzte, hortzoietatik odola atera edo ez, berdin da. Odolik ateratzen ez bazaio, ohiko eskuila hortzen artera ongi pasatzen ez delako izaten da, baina inflamazioak hor jarraituko du. Kasu horietan soft-pick bat erabiliz gero, odola aterako zaie, ziur. Hortzetako hariarekin edo ohiko hortzarteko eskuilekin berdin gertatuko da. Ez ikaratu. Egia da odol-jarioak senez atzera botatzen gaituela, gure gorputzaren integritate fisikoaren aurka doalako. Baina senez ere jakin badakigu, zauri bat dugunean, garbitu egin behar dugula. Bada, gauza bera egin behar da handitzen diren hortzoiekin. Hortzarteko eskuila hasiera batean erabiltzerakoan odola aterako da, baina gero, garbi daudenean, hantura hertu eta ez da odol gehiago aterako.

Soft-pick-ekin eskuilatzeko teknika

Gomazko zotz leuna edo Soft Pick delakoa hortzen artean sartzen da, hortzoiak ukituz, bi edo hiru mugimendu eginez kanpotik barrura.

Hortzarte guztietan erabiltzen da, ahal izanez gero, eta hortzoia eta gune horretako bi sustraiak igurtziz sartu behar da. Hutsune horietakoren bat zabala bada, lehenengo aurrealdeko sustraia ukitu beharko du eta gero atzealdekoa.

Hiru tamaina daude, baina hasiera batean hobe da finena edo “Regular” delako erabiltzea; berde argia da. Erabiltzen ikasi ondoren, eta hutsuneetako zabalera kontuan hartuta hala badagokio, hurrengo tamaina edo “Large” delakoa erabili daiteke; klorofila kolorea du.

Malguak dira eta tolestu egin daitezke hortzarteko gune guztietara iritsi ahal izateko; eskuila hauek erabiltzen hasten garenean, hautsi egin daitezke. Baina bizkor lortzen da abilezia eta hainbat aldiz eskuilatu ahal izango gara berdinarekin, baita egun batzuetan zehar ere. Beraz, ez dira behin erabilita bakarrik bota beharrekoak. Paketeetan saltzen dira eta eskuilak gordetzeko plastikozko kaxatxo garden bat dakarte, bidaiatzerakoan edo etxetik kanpo gaudenean poltsikoan hainbat eskuila eraman ahal izateko.

Informazio gehiago bideo hauetan: