
Aho-barrunbean eragina duten gaixotasun gehienak prebenitu egin daitezke higiene-ohitura egokiak izanez gero:
- Ahoa jaioberri garenetik hasi behar da zaintzen, eta azukre askoko jangaiak ekiditen saiatu. Hortzak hazten doazen heinean, gurasoek hortzak nola garbitu erakutsi beharko diete pixkanaka haurrei.
- Fruta eta barazki asko barne hartzen dituen dietari jarraitu behar zaio; zenbait bitamina faltaz gero, hortzoietako gaixotasunak pairatzeko aukera gehiago izango ditugu eta.
- Ekidin hortzetan itsasteko joera duten elikagaiak eta azukre asko dutenak, batik bat haurrengan.
- Erabili fluorra hortz-esmaltea sendotzeko. Hortzetako pastek fluorra dute. Gainera Gipuzkoako iturrietako urak ere badauka fluorra.
- Hortz-higienea: oso garrantzitsua da hortzak garbitzea otordu bakoitzaren ostean. Hortz-eskuila mota ugari daude; egokien dagokizuna erabili beharko duzu. Aldatu hilero edo bi hilabetez behin. Gutxienez 3 minutuz eskuilatu behar dira hortzak eta ez da bat bera ere ahaztu behar.
- Hortzetarako zetak edo hortzarteko eskuilak erabil daitezke, hortzen arteko jan-hondarrak garbitzen laguntzeko.
LKolutorio edo irakuzteko produktuak eskuilatu ondoren erabil daitezke. Kolutorio bat edo bestea erabiliko da pertsona bakoitzak duen aho-motaren arabera. Kontsultatu zure dentistarekin; zure kasuan zein den egokiena eta zenbat aldiz erabili behar duzun esango dizu.

- Hortz-protesirik edo ortodontzia-aparaturik izanez gero, hortzetako higienea zorrotzagoa izango da. Hortzetako pasta, kolutorio eta eskuila espezifikoagoak daude horretarako. Gainera, pastilla eferbeszenteak erabili beharko dira behar bezala garbitzeko ken daitezkeen protesiak, hortzordeak, ortodontzia-euskarriak nahiz deskarga-ferulak izaki.
- Ekidin tabakoa. Erretzeak hortzoi eta hortzetako arazoak areagotzen ditu, baita hortzak galtzea ere. Erretzeari ezin badiozu utzi, aho-higiene zorrotza izan beharko duzu.
Dentistarengana gutxienez urtean behin joan behar da, azterketa osoa egin eta ahoa profesional batek garbitzeko.
Galdetu lasai zure dentistari hortzen osasuna hobetzeko aholku espezifikoak.