Gingibitisa

Hortzoia hortzaren inguruko ehun mukoso arrosa da. Erasoren bat jasaten duenean (tabakoa, alkohola, infekzioa edo lertzoa), hortzoia handitu eta lagingibitisa sortzen da.

Gingibitisaren kontzeptua

Hortzoiaren hanturari esaten zaio. Hortzoia handitu eta, arrosa izan ordez, gorri ilun bihurtzen da eta ukitzerakoan odola ateratzen da, bai hortzak eskuilatzean hortzoia ukitzen denean, baita gauean bat-batean ere; bada, esnatzerakoan, baliteke burkoa odolez zikinduta aurkitzea.

Dena den, odola ateratzea ez da gingibitisaren definizio osoa, odola atera gabe ere izan baitaiteke eta halakorik. Izugarri erretzen duten pertsonengan da ohikoa, nikotinak hortzoiaren arteria txikiak itxi eta odola ateratzea ekiditen baitu. Arazo larri bat dagoenean alarmak jotzen ez duenean bezala da.

Askotan, gingibitisa bi hortzen artean aurkitzen da. Hortzak bata bestearen gainean daudenean, hortzen artean janaria geratu eta eskuilatzeko zaila izaten delako gertatu ohi da; edo hortzen artean tarte bat izan eta elikagaiak bertan pilatzen direlako ere gerta liteke.

Baliteke aho osoan ere izatea gingibitisa. Kasu horietan arrazoia tabakismoa izaten da, edo diabetesa, eskuilatze-teknika okerra erabiltzea edo behar adina ez eskuilatzea, besteak beste.

Tratamendurik jarraitzen ez bada, gingibitisak hortzoiak atzerarazi eta sustraiak agerian uzten ditu, hutsune beltzak sortzen ditu, eta denborarekin hortz horiek galdu egin daitezke.

Gingibitisaren kausak

Gingibitisaren kausa ohikoenak hortz-plakak (elikagai-hondarrez, bakterioez eta listu-proteinez sortua) eta lertzoa dira.

Bai hortz-plakak bai lertzoak bakterioak ugaritzeko leku aproposak dira, eta beraz, baita hortzoiak infektatzeko ere.

Gingibitisa askotan ahoko higiene faltarekin edo desegokiaren lotzen da, eta hainbat egoera jakinetan ere agertzen da, hala nola, txantxar asko ateratzean, enpasteak gaizki egin direnean, haurdunaldian (hormonak medio), diabetesa dugunean, tabakismoarekin lotutako alkoholismoa pairatzean, sentsibilitateagatik, depresioagatik, estresagatik, eskuilatzea zailtzen duten gaixotasun neurologikoengatik, hortzak eskuilatzeko diziplinaren aurkako gaztaroko errebeldiagatik, etab.

gingivitis

Gingibitisaren tratamendua

Pazientearen hortz-higienea hobetu behar da: hortzak otordu bakoitzaren ostean garbitu behar ditu eta otorduen artean jatea ekidin behar du, batik bat azukre findua eta produktu gozo itsasgarriak, eskuilatzen ez bada hortzen artean geratzen direlako.

Oso garrantzitsua da ahoa bikain eta arretaz garbitzea dentistaren kontsultan. Horrela, gingibitisa mantenarazten duen lertzoa desagertuko da.

Gainera, epe labur batez, klorhexidina daramaten hortzetako pastak eta irakuzketa-produktuak erabiliko dira, hortzen hantura hertzeko antiseptiko eraginkorra direlako eta gingibitisa eragiten duten bakterioen aurka borrokatzen duelako.

Gingibitisa prebenitzea

Hortz-higiene egokia izatea da modu bakarra gingibitis larririk ez izateko.

Hortzak eskuilatzea ezinbestekoa da hortz-higiene ona izateko; egunean 3 aldiz eskuilatu behar dira, otordu bakoitzaren ostean, eguneko beste uneetan ahoa hainbatean garbi izanez gero. Hau da, pertsona batek gosaldu ondoren hortzak eskuilatu baditu, baina lanean txokolatea eta gozokiak jaten baditu goizero, lanean eskuila bat ere izan beharko luke bertan erabiltzeko.

Fruta eta barazki ugariko elikadura orekatu bat izateak aho mukosa erasoen kontra eraginkorragoa izaten laguntzen du.

Eskuila elektrikoak aho-higienea hobetzen du, baldin eta behar den aldi guztietan erabiltzen bada. Gaur egun, batzuek nahiago izaten dute eskuzko eskuila, errazago egiten zaielako erabiltzea, edo ohituragatik. Dena den, eskuilatzeko bi moduek txantxarra eta gingibitisa ekiditen dute behar bezala erabiliz gero.

Eskuzko eskuilen artean egokiena gogortasun ertainekoa da, hau da, ez da gogorregia izan behar hortzoiari eta sustraiei kalte egin diezaiekelako, ezta malguegia ere, hortzen artetik janari-hondarrak ateratzeko ez delako eraginkorra.  Eskuila hilero edo bi hilabetez behin aldatzea komeni da, erabileraren arabera. Eskuilatzean indar gehiegi egitea ez da ona eta berehala hondatzen du eskuila.

Hortz-plaka eta horrek hortzoian dituen ondorioak ekiditen laguntzen duten beste modu batzuk ere izan badira. Denborarekin, gero eta elikagai-hondar gehiago pilatzen dira hortzen artean; bada, hortzetako hariak eta hortzarteko eskuilek hondar horiek kentzen laguntzen dute. Hortzarteko eskuilak ezinbestekoak dira aurrez gingibitis larririk pairatu eta halakorik berriz ez gertatzea nahi badugu. Kasu horietan, hortzetako pasta eta irakuzketa-produktu espezifikoak erabiltzea komeni da, hortzoiak babesteko direnak eta egunero eta luze erabili daitezkeenak.

Ezinbestekoa da urtero dentistarengana joatea, egoera aztertzeko eta ahoa garbitzeko.