Paziente helduak izango dira hazteari utzi dioten hezurrak dituzten pazienteak.
Gizon eta emakumeen artean aldeak egon arren (sexu berdineko pertsonengan hazkuntza eteteko epea ere aldatu egiten da), ortodontziaren aldetik helduak izango dira 20 urte baino gehiago dituzten pertsonak.
Paziente helduaren ezaugarri psikikoak
Paziente helduak zalantzak eta beldurrak ditu ortodontziaren inguruan, baina horiek argitu eta desagertu egiten dira kontsultara etorri ostean.
Geroago, eta motibazioa berreskuratzen denean, gusturago sentitzen da tratamenduarekin, nerabe edo haurren aldean.
Beldurrak
Paziente heldua itxura fisikoaz arduratzen da tratamenduan zehar; beraz, bracket estetiko zuriak ipintzen ditugu beti metalikoen ordez helduen kasuan.
Bracket zuriak garestiagoak dira, baina estetikagatik merezi dute. Horrela, bracket guztiak lotzen dituen alanbre metaliko fina baino ez da ikusiko.
Tratamenduan zehar kritiken beldur izan zaitezke edo erakargarri ez sentitzearen beldur. Lagunek, egiatan, ez dizute galdetuko zergatik jarri duzun ortodontzia daukazun adinarekin, nerabe bazina bezala; aldiz, zaintzea eta zure osasuna eta zure hortzen itxura hobetzeko ahaleginak egitea oso ondo iruditzen zaiela esango dizute.
Bracket-ak erabiltzeak gazte-itxura ematen digu eta esan nahi du pertsona horri osasuna axola zaiola, osasuna zaintzen duela.
Kontuan izan behar da hortzak bata bestearen gainean edo gaizki lerrokatuta daudenean, janari-hondar gehiago geratzen dela hortzen artean; ondorioz, hortzoiak handitu eta txantxar gehiago izan ohi da.
Ortodontziak hortzak lerrokatzeaz gainera, eskuilatzea hobetzen du eta hortzen eta hortzoien osasuna hobetzen da…
Helduei tratamenduaren xehetasun guztiak jakitea gustatzen zaie eta, era berean, tratamendua luzeegia izatearen beldur dira. Tratamendua, berez, ez da motza, baina urte eta erdi edo bi urte berehala pasatzen dira. Tratamenduaren erdialdean, amaitzeko denbora izugarri falta dela uste badugu ere, azkenean amaitu egiten da.
Motibazioa
Ortodontziadun helduak motibazio ugari du haur edo nerabe gehienen aldean. Bera delako tratamendua nahi eta ordaintzen duena eta ez gurasoak, haur eta nerabeen kasuetan bezala.
Helduek hainbat urte behar izaten dituzte ortodontzia egitea pentsatu eta erabakitzeko. Izan ere, hortzak agian mugituko ez zaizkiela pentsatzen dute, edo gogorik ez dute dentistarengana egin behar dituzten bisitetarako edo tratamenduak eskatzen duen garbiketa-ohiturei jarraitzeko… Baina erabakitzen dutenean, aukera irmoa da.
Azkenean, dentistaren eta euren ahaleginekiko harro sentitzen dira eta pozik egoten dira tratamenduaren emaitza estetiko eta funtzionalarekin.
Ezaugarri espezifikoak helduaren ortodontzian
Paziente helduek, hortza hezurrera oso lotuta dutenez, baliteke hortzak mugitzerakoan nolabaiteko sentsibilitatea izatea.
Lehenengo bi edo hiru hilabeteetan gertatzen da, baina beti dentistarenean izan ondorengo egunetan soilik. Horrelako ondoezak daudenean, ibuprofeno dosi txikiak har daitezke (300 mg, hau da, pastilla erdia), halakorik gehiago ez sentitzeko.
Gainera, helduei arku oso finak ipintzen zaizkie hortzak leun-leun mugitu ahal izan eta ondoezik ez sortzeko.
Ezpainak eta masailak narriatu daitezke bracket-engatik, eta zauri txikiren bat ere ager liteke, baina berehala eta bere kabuz sendatuko da. Horrelakoetan, ezpaina sastatzen duen lotura metalikoren bat solte badago, lotura aldatu beharko da; bracket-etik arkua atera bada, berriz, bere lekuan ipini beharko da berriz. Gainera, lotura elastiko batzuk ipiniko dira metalikoen gainetik, bracket-a bete eta ondoez gehiago ez sentitzeko.
Baina bracket-ak eragindako narriadura baino ez bada, argizari batzuk ipiniko dira; pazienteari kontsultan emango dizkiogu eta berehala pasako da ondoeza. Hori lehenengo hilabetean baino ez da pasatuko.
Ortodontzia koroak eta zubiak dituzten pazienteengan
Paziente batzuk koroak edo zorroak eta zubiak daramatzate, oro har, portzelanazkoak.
- Koroak edo zorroak badira eta atzeko hortzetan badituzte, oro har, mantendu egin daitezke.
- Portzelanazko xaflak baliteke aldatu behar izatea, baita hortzen arteko zubiak ere.
Dena dela, horrelako egoerak zehatz-mehatz ikertzen dira ortodontzia-azterketan, eta egin beharko litzatekeen aldaketaren aurrekontu bat ere egiten da. Azkenean, paziente heldua emaitza estetiko eta funtzionalarekin oso pozik dagoenez, ez zaio axola zorroren bat aldatu edo ez.
Gainera, askotan hortzak zuritzea ere eskatu ohi digute, eta aldatzeko beste motibo bat izan liteke koro zaharra eta iluna badu.
Hortz-higienea tratamenduan zehar
- Higieneari dagokionez, paziente helduak ez du arazo larririk izaten: hortzak otordu bakoitzaren ostean garbitu behar dira.
- Ahal izanez gero, ez da gomendatzen otorduen artean jatea, eta janez gero, eskuilatu egin behar dira baita ere. Horri guztiari esker, tratamenduan zehar txantxarrak edo gingibitisak ekidingo dira.
Askotan, pazientea eskuilatze-ohitura diziplinatura ohitzen da ortodontziarekin, eta tratamendua amaitzerakoan, ohitura on horrekin jarraitu eta bere ahoko osasuna nabarmen hobetzen da; hori da ortodontziaren beste onuretako bat.
Gaur egun, norbaitek gogoa eta interesa izanez gero, edozein adinetan egin dezake ortodontzia.