Ezpainak begiratu eta inguruan duen guztiarekin zer lotura duten aztertzen da. Ortodontzia-azterketan zehar, ezpainak aurpegi osoarekin eta mihiarekin batera aztertzen dira, baita hortzak ere. Horrela, pazientearen hortz-diagnostikoa egingo dugu eta zein tratamendu behar duen planifikatu.
Ezpainen lodiera
Aurpegiaren Azterketa izeneko atalean adierazi bezala, ezpainen lodierak tratamendua nola egin azalduko digu.
Ezpain lodiak
Muskulatura ahula dela esan nahi du eta, beraz, hortzek erraz egingo dute aurrera. Errazagoa izango da beren lekuan mantentzea tratamendua amaitu ostean.
Ezpain meheak
Muskulatura irmoa dela esan nahi du, eta horrek hortzek aurrera egitea oztopatuko du. Tratamenduan zehar hortzak aurreratzen baditugu, gerora, atxikigailu finkoak (hortzen barrualdetik) edo ken daitezkeenak erabili beharko dira denbora luzez.
Ezpainen eta ondoko zonaldeen arteko lotura
Kokotsarekiko lotura
Ezpain-azpiko izurrari esaten zaio, edo ezpain-kokots izurra. Hau da, beheko ezpainaren azpian dagoen izurrari.
- Sakona izango da irtengunea dagoenean, hau da, goiko hortzek behekoak ukitzen ez dituztenean; aldiz, aurrerago daudenean eta tarte bat dagoenean goiko eta behekoen artean.
Eskeleto hozkada itxia dagoenean ere jazo daiteke, alegia, aurpegiaren behealdearen herena motza denean, sudur-oinarriaren eta kokotsaren arteko distantzia motza delako aurpegiarekiko.
- Txikia edo laua izango da, aurpegia luzexka denean.
Sudurrarekiko lotura
Sudur-ezpain angelua da, hau da, goiko ezpainaren eta sudur-oinarriaren artekoa.
Estua bada, hots, 90 gradu baino gutxiagokoa, baliteke goiko hortzek goiko ezpaina gorantz bultzatzea, aurrerantz oso inklinatuta daudelako.
Hortzak aurrerantz nahiko inklinatuta eta pilatuta izanik, pentsatzen ari garen tratamenduan hortzak lerrokatzen badira, gehiegi inklinatuko lirateke aurrerantz eta gorantz, eta ondorioz goiko masailezurreko sustraiak atera egingo lirateke. Horrek hortzen bat atera beharko dela adierazten du, lekua egin eta hala hortz guztiak lerrokatuta egon ahal izateko.
Ezpainen eta hortzen arteko lotura
Kontuan izan behar da ezpainek muskulatura orbikularra dutela, hau da, biribila, ezpainen inguruan “orbitan”. Muskulu horiek eta mihikoek hortzen posizioa zehazten dute.
Hortzek, ortodontziaren aurretik, posizio jakin bat dute, eta hori oreka neuro-muskular jakin batek zehazten du.
Horregatik, tratamenduan zehar hortzen posizioa aldatzen dugunean, ez da komeni ezpainek, masailek eta mihiak berez duten posizioa gehiegi bortxatzea, tratamenduaren ostean hortzak hasierako posiziora itzultzeko arriskua dutelako, batik bat beharrezko atxikigailuak erabiltzen ez badira.
Atxikigailuak alanbre finko bat dira, beheko hortzen atzealdean daude eta ez dira ikusten. Beste atxikigailu batzuk gardenak dira; plastikozko zorro antzeko bat dira eta lo egiteko ipintzen dira.
Ezpainek hortzekiko duten lotura aztertzerakoan, aspektu hauek hartuko ditugu kontuan:
Hortzoi-irribarrea
Gogoz, edo nahita, irribarre egiten dugunean, pazienteak goiko erdiko ebakortz guztiak erakutsi behar ditu, baita hortzoialdea ere, 2 mm inguruan.
Goiko hortzen gainetik hortzoi asko erakusten denean, hortzoi-irribarrea esaten zaio; emakumeen kasuan ohikoa da.
Duela hamarkada batzuk, edertzat jotzen zen hortzoi asko erakustea. Gaur egun, ez hainbeste. Horren adibide da Inés Sastre modelo eta aktore espainiarra: aldizkarietako argazki naturaletan, irribarre egiten duenean, hortzoi asko erakusten du. Aldiz, kosmetikoen iragarkietan, irudiari ukituak egiten dizkiote, eta hortz zuri eta luze ederrak erakusten ditu, eta hortzoi gutxi.
Hortzoi asko erakusteaz gainera, arazoa ere bada sustraiak eta hortzaren esmalteak duten lotura asko erakusten dela eta erretzaileak badira edo periodontitisa izan badute, hortzoia atzeratu eta gehiago nabarmentzen direla hortzen artean dauden zulo ilun edo beltzak.
Gainera, zorroak edo koroak badaramatzagu, hortzoia gingibitasagatik atzeratzen bada edo higiene egokia ez badugu, sustrai ilunaren kontrastea zorroaren gainetik ikusiko da.
Hortzoi-irribarredun pazienteak hortzeria ahalik eta perfektuen izan behar du, edonolako akats nabarmendu egiten delako.
Hortzoi-irribarrea ez bada gehiegizkoa, ezer ez egitea gomendatzen dugu, izan ere, adinarekin, goiko ezpaina beheratu egiten da eta hortzoi gutxiago erakusten da eta, ondorioz, baita hortz-sustrai gutxiago ere.
Hortzoi-irribarrerako ortodontzia-tratamendua 9 urterekin hasi behar da, nahiz eta hobekuntzak ere lor daitezkeen nerabezaroan hasiz gero ere.
Dena dela, batzuetan kirurgia ere behar izaten da zuzenketak egiteko. Helduen kasuan, masailezurraren kirurgiarekin soilik hobetu daiteke.
Goiko ezpaina ebakortzen ertzarekiko
Goiko erdiko ebakortzei berriz so egiten badiegu, berez hitz egiten dugunean zenbat hortz erakusten den behatuko dugu. Normalean hortzaren 2 eta 4 mm artean erakusten da, ezpainaren beheko ertzetik hasi eta hortzaren behealdeko ertzera edo ebakortz ertzera arte.
Goiko hortza erakustea gaztetasun ikurra da, izan ere, urteak aurrera doazen heinean, aurpegia beherantz doa eta goiko hortz gutxi edo batere ez da ikusten, eta, aldiz, beheko hortzeria erakusten da gehiago.
Hortzoi-irribarrea duten pertsonek irribarrea hobetzen dute adinarekin, hortzoi gutxiago erakutsi eta adin bereko pertsonek baino goiko hortz gehiago erakusten dutelako; gazteagoak dirudite, beraz.
Garrantzitsua da goiko zenbat hortz erakusten diren, batik bat, hortz-errehabilitazio osoa egiten bada, ken daitezkeen hortzeria dela edo inplanteen gainekoa dela.
Ezpainen tonizitatea
Hatz erakusle eta lodiarekin, goiko edo beheko ezpaina hartzen da, ikusteko zer nolako indarra duen. Ezpainak indartsuak badira, finak izango dira. Horrek adierazten du, tratamenduan hortz ugari aurreratu behar izanez gero, zaila izango dela gerora emaitza mantentzea eta, agian, hobe izango dela hortzen bat ateratzea lekua egin eta hainbeste aurreratu beharrik ez izateko.
Ezpainak ahulak badira, oro har, lodiak izaten dira. Hortzak nahikoa aurreratu ahal izango dira eta emaitza bere horretan mantendu ahal izango da.
Ezpainen gaitasuna
Ezpainek zer nolako jarrera duten aztertzen da, geldi daudenean eta hortzak itxita daudenean. Kasu honetan, ezpainek elkarri ukitu behar diote, itxita egon behar dira. Irekita badaude, ez dituzte hortzak estaltzen eta ez dira ahoan ixten; ez dute gaitasunik.
Ezpain-desgaitasun horren arrazoiak hauek izan daitezke:
Hortzetako kausak:
- Irtengune gehiegi izatea, hau da, goiko aurrealdeko hortzak oso aurreratuak edukitzea behekoekiko. Horren ondorioz, aurretik atzerako hutsune bat uzten dute ahoko hortz guztiekin kosk egiterakoan.
- Hortz-protrusio gehiegi izatea, hau da, hortzak aurreratuegi daudenean hortz horiek dauden masailezurrarekiko eta aurpegiarekiko oro har.
Aurpegiko kausak:
- Aurpegi oso luzanga izatea, alegia, angelu oso ireki edo handia dagoenean goiko eta beheko masailezurraren artean.
- Goiko ezpain motzak izatea.
Kausa funtzionalak:
- Aho edo mihiko ohitura bat izatea, adibidez, ezpaina edo mihia aurreko hortzen artean askotan sartzea, batik bat irensterakoan. Horrek ahoa ixterakoan hortzek elkarri behar bezala ez ukitu ahal izatea dakar. Aurrealdeko hozkada irekia da. Hatza zupatzeagatik edo txupetea 6 urtetik gora izugarri erabiltzeagatik gerta liteke.
- Ahotik arnastea, begetazioak edo sudur-zuloak buxatuta izateagatik. Ahoa irekita geratzen da, baita gauez ere. Mihia behean geratzen da eta ez da ahosabaira eransten, eta horregatik ahosabaia estutu egingo da.
Ezpainak aztertu ostean, mihia ere arakatuko dugu.
Mihiaren azterketa
Mihiaren ohiz kanpoko posizioak begiratzen ditugu arretaz, izan ere, horren ondorioz hezurrak ez dira behar bezala hazten eta hortzak, beraz, ez daude beharko luketen lekuan.
Mihia muskulu-multzo batek osatzen du; muskulu horiek oso indartsuak dira eta etengabe mugitzen dira beti ari garelako irensten, egunez eta gauez. Horrek indarra areagotzen du eta jaiotzen garen unetik goiko masailezurraren, ahosabaiaren, beheko masailezurraren eta hortzen garapena bideratzen du.
Ortodontzia diagnostiko eta tratamendu bat egiterakoan mihiak eragina izan duen bi kasu ikusiko ditugu.
Mihiaren ohitura
Egoera normaletan, irensterakoan ezpainetako, masailetako eta mihiko muskuluak uzkurtu egiten dira listua edo elikadura-boloa eztarrira joan eta irentsi ahal izateko.
Horretarako, aurrealdea itxita egon behar da, hala ez bada, janariaren zati bat edo listua ahotik irtengo litzatekeelako. Beraz, irensterakoan aurreko hortzak itxi eta elkarri ukitzen diote.
Hezur edo hortzetako motiboren batengatik, goiko eta beheko aurrealdeko hortzek ez badiete elkarri ukitzen, mihia barrura sartzen da zonalde hori itxi ahal izateko. Mihiaren ohitura da.
Mihiaren ohitura, haurrengan ematen da. Horren ondorioz, aurrealdeko behin betiko hortzak ez dira guztiz azaleratzen eta hutsune bat geratzen da hortzen artean.
Aipatu ohitura dagoen egiaztatzeko, pazienteari ezpainak bananduta dituela ura edanarazten zaio kontsultan eta guk hortzei behatuko diegu. Irensterakoan, mihia hortzen artean sartzen duela ikusten dugu.
Jatorrizko arazoa mihia den aztertu beharko da, edo aldiz, jakiteko beste arazorik egon den hortzak banantzeko: agian, mihiak zonaldea buxatu baino ez du egin irensterakoan. Hatza zupatzerakoan, adibidez, aurrealdeko behin betiko hortzak ez dira guztiz azaleratzen eta ez diote elkarri ukitzen irensterakoan. Ondorioz, mihia sartu egiten da zonalde hori ixteko eta hortzen posizio okerra mantendu egiten da, hatza zupatzeko ohiturari utzi bazaio ere.
Mihi-ankilosia
Mugitzeko gaitasun gutxi duen mihia da.
Egoera normaletan, pazienteak mihia aurrerantz atera dezake, 2 mm baino haratago, beheko ezpainen aurretik. Gainera, ahoa irekita, mihi-puntarekin ahosabaia ukitu dezake.
Mihiko ankilosiarekin, ezin dira mugimendu horiek egin. Mihi-frenulua motza delako geratzen da eta ez dio ahoari behar adina mugitzen uzten, ez aurrerantz, ez atzerantz. Mihia beti behean mantentzen da, eta horrek masailezur handia dugula esan nahi du. Gainera, mihia ahosabaira igotzen ez denez forma emateko, ahosabaia estua izango da.
Zenbaitetan, goiko eta beheko masailezurren arteko III. lotura-mota izatearen kausa da. Mihi-frenulua moztu beharko da, mihia askatu eta beti beheran gera ez dadin.
Ezpain eta mihiaren azterketak ortodontzia-azterketan barne hartzen dira, eta pazientea zuzenean behatzeaz gainera, erradiografiak, argazkiak eta igeltsuzko ereduak ere hartzen dira kontuan.