Aurpegiaren azterketa

analisis-facial-frontal

Ortodontzia-tratamendu bat egiterakoan, hortzez gainera, aurpegi osoa aztertu behar da tratamenduak aurpegian izango dituen ondorioengatik.

Aurpegia analizatuz jakingo dugu zein den hortzetako arazoaren jatorria, eta arazoa konpontzeko tratamendu egokiena aukeratzen lagunduko digu horrek.

Aurpegi osoa aztertuko da: aurrealdea eta alboak, ezpainak eta horien lotura ondoko zonaldearekin eta hortzekin, eta azkenik, mihia eta ahoan duen posizioa.

Azterketa hori pazientea kontsultako besaulkian eserita dagoen bitartean egingo da eta aurpegiko eta ahoko argazkiak ere aterako dira hainbat angelutatik. Horrela pazientearentzat zein tratamendu den onena ikusiko dugu. Kontuan hartuko dira irizpide estetikoak, pazientearen adina eta aurrerago izango duena, arraza-ezaugarriak eta baita moda ere.

Aurrealdeko eta alboetako ikuspegia kontuan hartuta aztertuko dira.

Aurrealdearen azterketa: Aurpegiaren luzera

Luzea, ertaina edo normala eta motza izan daiteke.

Aurpegi luzea eta estua edo Dolikofaziala

Hortz-arku estua dute, hau da, ahoa ezpain barrutik estua da. Ez du zerikusirik irribarrearen tamaina edo zabalerarekin, irribarrea neurtzeko ezpainen luzera horizontala hartzen baita kontutan.

Horrelako pazienteak ezpain-irribarre zabala eta hortz-arku estua badu, irribarre egiterakoan hezur ilun batzuk ikusiko dira ahoaren alde bakoitzean, hortzek irribarre osoa betetzen ez dutelako. Beraz, hortz-arkua zabaldu beharko litzateke ahoa hortzez beteta egoteko irribarre zabalean, Julia Roberts aktorearenaren moduan.

AEBetan asko gustatzen zaizkie irribarre zabalak, aurretik begiratuta hortzez beteta daudenak. Europan, berriz, “naturaltasunerako” joera dago, apur bat estuagoak dira nahiago.

Horrelako aurpegietan, muskulatura ahulagoa da, eta hortzak bata bestearen gainean badaude, nahiko erraz lerrokatzen dira.

Baina hortzak oso pilatuta badaude, hortz-arkua estua izanik guztiak sartzen ez direlako, batzuetan hortzen bat atera behar izaten da. Horrelako muskulatura ahuletan, ordea, hortzak ateratzean eragiten diren hutsuneak oso erraz ixten dira eta hortzak azkar lerratzen dira.

Hortzak pilatuta badaude eta baten bat ateratzen ez badugu, hala egin behar bada ere, aurrealdeko hortzeria lerrokatzerakoan abaniko-formak irekiko dira eta ezingo da behar bezala mastekatu. Aurrealdeko hozkada irekia esaten zaio horri.

Aurpegi ertaina, “normala” edo Mesofaziala

Aurpegi-luzera normala dute eta muskulatura ez da ez oso irmoa ez oso ahula, eta beraz ez du hortzak lerrokatzea ez oztopatzen ez laguntzen.

analisis-cara-frontal

Tratamendua eta horren iraupena pilatutako hortz-kopuruaren arabera egongo da, baita masailezurretan duten posizioaren arabera ere. Goiko eta beheko masailezurraren arteko hezur-loturak ere eragina izango du.

Aurpegi motza eta karratua edo Brakifaziala

Paziente hauek oso muskulatura irmoa dute; hori dela eta, zailagoa da hortzak mugitzea.

Hortzeria osoa hasierako posizio jakin batean dago, aurpegi-mota guztietan, oreka neuromuskularrak posizio hori ezarri duelako. Hortzen eta masailezurren tamainak ere eragina du, nola ez, eta baita goiko eta beheko masailezurraren arteko loturak ere.

Hortzen posizioa aldatu nahi bada, posizio horretan ezarri duten muskuluen aurka egin beharko da.

Muskulatura irmoarekin, zailagoa izaten da tratamendua eta, batik bat, tratamenduak luzea irautea.

Aurpegi motz eta muskulatura irmoko kasuetan, hortzik ez ateratzeko joera dago, uzten diren hutsuneek denbora luzea behar dutelako ixteko. Abantailei dagokienez, hortzak beti daude oklusioan; hau da, goikoak behekoekin oso ondo ahokatzen dira. Ez dago hozkada irekirako arriskurik.

Alboaren edo Profilaren azterketa

  • Profila zuzena dela esaten da lerro zuzen batek batzen baditu sudur-punta, ezpainen aurrealdea eta kokotsaren aurrealdea.
  • Sudur-punta eta kokotsa batzen dituen lerroaren aurrealdean badaude ezpainak, profil ganbila izango da.
  • Aldiz, ezpainak lerrotik barrura badaude, ahurra izango da.Perfil Convexo o hacia afuera

Profil Ganbila edo kanpoaldekoa

Muskulatura ahula da eta ezpainak estutzen ez dituenez, kanporantz irteten dira, hau da, ezpain lodiak dira. Ezpain lodiak ahulagoak dira eta meheek baino indar gutxiago egiten dute.

Profil honek, guztiek bezala, arraza-ezaugarri bat du eta batik bat arraza beltzean eta arraza exotiko batzuetan ikusten da. Orain, modan dago eta edertasun-kanon nagusi bat da. Modelo eta aktore ederrenetako askok (Irina Shayk, Penelope Cruz, Angelina Jolie) profil hori dute jatorriz. Beste batzuk ezpainak loditzeko betegarriekin lortzen dute.

Irizpide estetikoa oso garrantzitsua da pilatutako hortzen muturreko kasuetan, non hortzen bat atera edo ez zalantzan jartzen den hortz guztiak ahoan sartu ahal izateko.

Hortzak pilatuta egonik lerrokatzen badira, aurreratu eta aurrerantz inklinatzen dira. Batzuetan ez dira hezurrean sartzen sustraiak atera egingo liratekeelako. Horregatik, hortzen bat atera egin beharko da, gehienetan alde bakoitzeko aurreko hagin bat, goian, behean edo bi arkuetan. Horrela, behar bezala geratuko dira, bakoitza bere tokian.

Gaur egun hortzak ez ateratzeko joera dugu, aurreratutako hortzek ezpain-euskarria areagotzen dutelako eta paziente helduek zimur bertikal gutxiago izango dituztelako goiko ezpainean.

50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan, hortz gehiago ateratzen ziren, profil ahurrak modan zeudelako, barrurantz, arraza zuriaren ezaugarri, batik bat arraza anglosaxoian. Eder egiten zieten nerabeei, baina emakume horiek heldu bihurtzean, zimur gehiago zituzten (“barra-kodea” delakoa).

Gizonengan, berriz, ezpain-euskarriaren irizpideak ez zuen hainbesteko garrantzirik estetikari dagokionez, izan ere, azal-mota kontuan hartuta (lodiagoa da) ez dute hainbeste zimurrik adin horretan.

perfiles-moda

Profil ahurra edo barrualdekoa

Ezpainak eta ahoa sudur-punta eta kokotsa lotzen dituen lerroaren atzealdean geratzen direnean esaten zaio.

Muskulatura irmoa eta ezpain finak izaten dituzte, arraza zuriaren ezaugarri. Muskulu-indar hori dela eta, hortzak pilatuta izanik lerrokatu nahi baditugu, hortzak ez ateratzeko joera dago, ahoa atzerantz beheratu ez dadin.

Baina ez da komeni gehiegi aurreratzea ere, hala eginez gero zaila izaten delako hortzak posizio horretan mantentzea tratamenduaren ostean, muskuluek atzerantz bultza egiten dutelako. Atxikigailuak eraman beharko lirateke bizi osoan zehar (ken daitezkeen gardenak edo finkoak, mihiaren atzean).

Batzuetan, profil ahurretan ahoa ez da arazoa izaten; kasu hauetan, sudurra eta kokotsa normalean baino gehiago ateratzen direlako izaten da. Egiten ditugun garezurreko erradiografien azterketa zefalometrikoetan ikusten da. Oso nabarmena bada, sudur eta kokotseko ebakuntza egitea pentsa daiteke profil on bat izateko. Ebakuntza hori egin zuen, adibidez, Letizia erreginak, ezkondu eta gutxira.

Profil zuzena

Arraza zuriko emakumeetan, eredu estetiko perfektutzat jotzen da, gaur egun. Sudur-punta eta kokotsa batzen dituen lerroa doi-doi ukitzen dute ezpainek horrelakoetan.

Dena dela, hezurrek eta hortzek hasiera batean duten egoera beti izango da garrantzitsua. Hori eta pazientearen iritzia kontuan hartuta, profesionalak erabakiko du bere esperientziaren eta iritzi estetikoaren arabera.
Emakumeen estetikari buruz aritu gara batik bat, baina gizonena antzekoa da, desberdintasun batzuekin. Adibidez, emakumeen aldera, ez du axola gizonen profila apur bat atzeratuta egotea barra-kodea gutxiago nabarmentzen zaielako, eta bibotearekin ere konpentsa daitekeelako.

Beheko masailezurra goikoa baino aurrerago dagoenean (III. lotura-mota), kasu jakin batzuetan, hots, emakumeen kasuan, tratatu eta zuzendu egiten da ortodontziarekin eta baita hezur-kirurgiarekin ere; gizonen kasuan, aldiz, masailezur handia gehiegizkoa ez bada behintzat, ortodontziarekin soilik tratatzen da, masailezurra zertxobait aterata badago ere, indar eta gizontasun itxura ematen delako.

Ortodontzia-azterketa ezinbestekoa da emaitza ona lortzeko.