Txantxarrak oso ohikoak dira munduko populazio osoarengan, helduengan eta haurrengan, bai herrialde garatuetan, bai garapen bidean daudenetan.
Azukre finduak jatearekin du lotura, hortz-higiene desegokiarekin eta familiek txantxarrak izateko duten aurrejoerarekin. Sare publikoko urak fluorra badu, ur hori edanez hazi diren haurrek txantxar gutxiago izango dituzte.
Txantxarraren kontzeptua
Txantxarrak hortzaren infekzio bat dira. Ahoan, hainbat bakterio izaten ditugu zenbait funtzio betetzen. Egoera jakin batzuetan, adibidez, azukrea dugunean ahoan eta higiene kaxkarra dugunean, bakterioek azidoak sortzen dituzte, esmalteari eraso eta hura zulatzen dutenak. Horrela sortzen dira barrunbe horiek, txantxarrak.
Hasieran, txikia denean, esmaltean baino ez du eragina. Gero, denborarekin hortz-boliraino hedatzen da, eta horrek hotzarekiko, beroarekin, elikagai gozoekiko edo mastekatzeko ondoezak eragiten ditu.
Tratatzen den txantxarra
Dentistarenean egiten duzun azterketaren batean txantxar bat hautematen bada ondoezak sentitu baino lehenago, enpastatu egin behar da.
Buxatzea edo enpastea egiteko, barrunbea garbitzen da lehenengo eta bakterioek inbaditutako ehuna kenduko da. Gero, hortzaren tonu bereko ore zuri batekin (konpositea) beteko da barrunbea eta hortz-piezak osotasun anatomikoa berreskuratuko du. Guzti hori anestesia lokalarekin egingo da, eta beraz, ez da inolako ondoezik egongo prozeduran zehar.
Barrunbea baliteke azterketan egindako erradiografia batean edo zundarekin hautematea eta handia izatea, nahiz eta zorionez inolako ondoezik edo minik ez eragin. Txantxarrak kaltetutako ehuna kentzerakoan nerbiora iristen bagara, ordea, enpastatzea ez da nahikoa izaten. Kasu hauetan, hortza berregituratu baino lehenago, desbitalizatu egin behar da edo piezaren endodontzia egin.
Enpaste batekin tratatzen den txantxarra sendatu egin den arren, ezin dugu ahaztu hortzak behar bezala zaindu eta eskuilatzen ez baditugu, beste txantxar batzuk ager daitezkeela pieza berean edo beste batean.
Tratatzen ez den txantxarra
Txantxarra tratatzen ez bada, sakonago joan eta hortz-mamira iritsiko da, hots, piezaren nerbioa, arteria eta bena dagoen hortzaren erdialdera.
Hotz eta beroarekiko ondoeza sentituko da, baita mastekatzerakoan ere. Mina ematen badu baina elikagaiekin zerikusirik ez badu min horrek, nerbioari eragin zaiolako izaten da, hau da, bakterioak hortz-mamira edo hortzaren barrura iritsi direlako eta infektatu egin dutelako.
Inflamazioa jazoko da arteriak dilatatu egiten direlako, eta hanpatutako arteria eta benek nerbioa konprimatuko dute. Horregatik ematen du min. Mina iraunkorra izan daiteke edo taupaden antzekoa, bihotz-taupaden erritmora.
Kasu horietan, lehenengo infekzioa tratatu beharko da, batetik, antibiotikoekin bakterioak desagerrarazteko eta, bestetik, antiinlamatorioekin zonaldeko hantura kentzeko. Gero, zonaldea garbitu eta hustu beharko da geratzen diren germenak desagerrarazteko. Endodontzia edo desbitalizazioa esaten zaio horri.
Azkenik, behin betiko enpastea egingo da, baina hain handia denean, hortz-berregituraketa esaten zaio.
Kontuan izan behar da batzuetan minik ematen ez duten txantxar sakonekin egiten dugula topo, hau da, hortzaren infekzioa hasi dela adierazten diguten seinalerik ez da izaten. Orduan, bat-batean, min ematen duen flemoi bat eta hantura agertzen dira.
Aurrez ondoezik sentitu ez den beste kasu batzuetan, sintomarik gabeko infekzio kroniko bat sortzen da, hau da, hortzaren barrualdea infektatu egiten da baina minik gabe; gorputzak oztopo bat eraikitzen du infektatu den sustraiaren inguruan: kiste bat sortzen du.
Aipatu kistea hainbat urtez egon liteke bertan sintomarik eragin gabe eta azterketa batean egingo den erradiografian agertuko da. Kisteak barruan duena kanporantz hustu eta fistula bat sor dezake, hau da, granotxo bat, zorne-jarioa eragin dezakeena.
Beraz, txantxar batek modu batean edo bestean eboluziona dezake, baina azkenean, tratatzen ez bada, hortz-pieza atera behar izateko aukera dago.
Txantxarra prebenitzea
Ezinbestekoa da txikitatik hortz-higiene egokia izatea, baita elikadura zaintzea eta otorduz kanpo, eskuilatzeko aukera gutxi dugunean, gozoki asko ez jatea ere.
Urtero aho-azterketa bat eginez gero, gure hortzak zaintzeko motibazioa areagotuko dugu, eta lesioak hauteman ahal izango dira beranduegi izan baino lehen. Gure Donostiako Hortz Klinikan tratamenduak eskaintzen ditugu.