NOLA ATERA BEHAR DA HORTZ-PIEZA BAT?

extraccion-dientes-donostia

Odontologian, gure lanaren helburua hortz-pieza guztiak ahoan mantentzea da, osasuntsu, baina batzuetan ezin bestekoa da hortzen bat atera behar izatea.

Hortzak ateratzeko arrazoiak

Periodontitis kronikoa (edo piorrea)

Urteetan zehar hortzoia eta hezur-oinarria hondatzeaz gainera, periodontitisak hortza mugiarazi ere egiten du. Baliteke hortz bat edo gehiago atera behar izatea.

Falta diren piezak ordezteko hortz-inplanteak erabiltzen direnez orain, hortzoiaren gaixotasun larria jazotzen denean aldatu egin da hortzak ateratzeko unea. Garai batean, ahalik eta gehien uzten zen hortza bere horretan; batzuetan, pieza erori arte.

Gaur egun, ordea, ez da hainbeste itxaroten eta ezinbestean galdu behar diren hortzak ateratzen ditugu lekuz asko mugitu baino lehen, hau da, hezur ugari galdu baino lehen, inplantea jartzeko hezur hori behar dugulako.

Gehiegi itxaronez gero, baliteke hortza atera ostean inplantea jarri ahal ez izatea, ezta hezurra birsortuz ere.

Txantxar sakona, sustraiei ere eragiten diena

Halakoetan ezin da ez pieza desbitalizatu ez endodontziarik egin, horretarako sustraiak osorik egon behar dutelako. Beraz, ezin da konpositearekin berregin, ezta kororik edo zorrorik egin ere hortzean.

Hortza haustea, sustraian eragina badu

Haustura bertikala bada, hortzak askotan berregin direlako edo aurrez enpasterik izan ez duten arren, hortza atera beharko da. Hortza guztiz hausten ez duten fisura sakonek, infekzio kronikoa dakarte, eta halakoak ezin dira antibiotikoekin ere konpondu.

Hezur barrenean edo erdi-aterata dauden azaleratu gabeko hortzak

Atera egin behar dira infekzioak behin eta berriz eragiten dituztenean edo eragin behar dituztela ikusten denean. Oro har, zuhurraginak edo judizioko haginak izaten dira, 17 eta 25 urte bitartean agertzen direnak, eta askotan ez dute ateratzeko lekurik.

Letaginak edo betortzak direnean, eta batik bat ahosabaian atera ezinean badaude, ortodontziarekin tira egin eta lekuz aldatu daitezke lekua izanez gero hortz-arkuan.

Ortodontzian, hortzak gainjartzean

Hau da, hortzak oso gainjarrita daudenean, pilatuta, eta hortz guztietarako lekurik ez dagoenean masailezurrean. Kasu honetan, lekua egiteko, hortzen bat atera behar da (gehienetan lehenengo edo bigarren haginaurrekoa) beste hortzak behar bezala sartu ahal izateko.

dientes amontonados

Hortzak ateratzeko faseak

Historia klinikoa eta medikazioa

Pazienteak izan ditzakeen gaixotasun orokorrak aztertuko dira (bihotzeko gaixotasunak, arnas eritasunak, alergiak, etab.) eta kontuan hartu zein medikazio hartzen duen, ikusteko ebakuntzan zehar kaltegarria izan daitekeen edo ez eta jakiteko hortza ateratzean pazienteari emango zaion medikazioarekin (antibiotikoak eta antiinflamatorioak) bateragarria den.

Garrantzitsua da medikazio antikoagulatzailea eta plaketa-antiagregatzaileak kontuan hartzea, adibidez, Sintrom eta Adiro (aspirina), hortza ateratzerakoan hartuz gero, odola aterarazi dezakete eta.

Erradiografia

Atera behar den piezaren anatomia aztertuko da, leheneratzeak, adibidez, enpasteak eta berregituraketak, eta baita sustraien egoera ere, alegia, hautsita edo infektatuta dauden ikusiko da. Kisterik dagoen ere ikertzen da edo hortza inguratzen duen hezurra periodontitisagatik hondatuta dagoen. Horrela planifikatzen da hortzak ateratzea eta horrela dakigu gutxi gorabehera prozesua konplexua izango den ala ez.

Anestesia lokala

Anestesia ezinbestekoa da, eta horri esker, hortza ateratzean ez da minik izaten.

Fase kirurgikoa

Ateratze-prozesu normala denean, hortza manipulatu egiten da oinarritik askatu eta atera ahal izateko. Hala ere, sustraiak makurrak badira, edo hortz-koroak oso hondatuta badaude, sustraiak bereizi egiten dira fresa batekin, gerora ateratzeko.

Hortza erdizka atera bada, edo hortzoi barruan  badago, azaleratu gabeko judizioko haginak kasu, ebaketa bat egiten da bisturiarekin, hortzoia berezi eta pieza ateratzen da azkenik. Jostura-puntuak egingo dira beharrezkoa izanez gero.

Medikazioa eta ebakuntza osteko aholkuak.

Arestian aipatu bezala antibiotikoak eta antiinflamatorioak emango dira, dosi batean eta denbora jakin batean zehar hartzeko, baina hori ebakuntza aurretik hortzak eta hortzoiak zuten egoeraren araberakoa izango da, baita hortza ateratzeko behar izan den ebakuntzaren intentsitatearen araberakoa ere.

Egon litezkeen arazoen prebentzioa

Ondoeza edo mina

Beti agintzen dira analgesiko antiinflamatorioak, ibuprofenoa, esaterako. Inflamaziorik ez bada, parazetamola edo nolotila ere har daitezke.

Hantura

Ebakuntzaren konplexutasunaren araberakoa izango da. Hantura ekiditeko ibuprofenoa hartzen da, eta izotza edo antzekoak ipintzen dira hortza atera den gunearen kanpoaldean.

Odol-galera

Odola gelditzeko, gasari hozka egitea gomendatzen da ordu erdiz. Gasak bola baten forma izango du. Eta odolak ateratzen jarraitzen badu, prozesua errepikatuko da.

Ez da likido berorik edango 24 ordutan zehar, beroak arteriak dilatatu eta odol gehiago aterarazten duelako. Janaria epel jan behar da lehenengo bi egunetan zehar, eta izozkiak edo jogurt hotzak inflamazioa eta odol-galera ekidingo ditu.

Infekzioa

Antibiotikoak hortza atera aurretik, bitartean eta gero hartuz prebenitu eta tratatzen da. Hortza atera aurreko eta ondorengo kontsultan adieraziko zaizu zein antibiotiko-mota eta zenbat denboran zehar hartu eta zein tratamendu jarraitu beharko duzun.

Ateratako pieza edo piezak ordeztea

implantes-dentales-donostia

Hortz-protesi mota desberdinez ordeztuko da. Hasieran, orbaintzen den bitartean, behin-behineko protesi bat erabil daiteke. Gero, behin betiko hortzak egingo dira. Finkoak nahi izanez gero, inplantea edo zubia egin daiteke, eta ken daitezkeenak egiteko ere aukera badago.

Gure Donostiako hortz-kontsultan, hortza ateratzeko beldur izatekotan, medikazio lasaigarria agindu diezazukegu, esperientziari errazago aurre egiteko.