JUDIZIOKO HAGIN BAT ATERATZEKO FASEAK

extraccion-muelas-del-juicio-2Kasuaren azterketa

Judizioko haginak edo zuhurraginak hirugarren haginak dira, ahoaren hondoan ateratzen diren azkenak. 17 eta 25 urte bitartean azaleratzen dira, ustez pertsonok zentzutasuna garatzen dugun garaian.

Gehienez, 30 urtera arte egiten dute bultza ateratzeko. Adin horren ostean, ez dira mugitzen eta ez diete aurreko haginei presiorik egiten. Beste kontu bat da, ordea, adinak aurrera egin ahala, hots, 40 urtetik aurrera, hortzoiak altuera galtzea. Batzuetan judizioko hagin batzuk azaleratzear geratzen dira eta, denborarekin, hortzoia txikitzen denez, gehiago ikusten dira, baina ez diete beste hortzei bultzarik egiten.

Aurreko Erradiografia panoramiko 42 urteko gizon batena da, eta hau ikusten da:

  • Azaleratu gabeko goiko bi judizioko haginak hezurraren barruan geratu dira.
  • Beheko biak erdizka atera dira, eta arazoak sortzen dituzte:
    • Irudiaren ezkerraldekoan, txantxarra sortu da aurreko haginean.
    • Eskuinaldekoan, infekzio-poltsa periodontal bat sortu da atzealdean.

Sintomak

Oro har, judizioko haginak ateratzean ondoeza senti dezakegu, baina normalena da ia ondoezik ez sentitzea, lehen edo bigarren hagina 6 eta 12 urte bitartean ateratzen denean bezala (haur gehienak ez dira jabetu ere egiten).

Arazo ohikoena da judizioko hagina guztiz ateratzeko lekurik ez izatea , eta erdizka azaleratzen da, batzuetan aurreko haginean katigatuta.

Horrek hau eragin dezake:

  • Judizioko haginean:
    • Infekzioa bat-bateko minarekin, eta hortzoia handitzea haginaren inguruan.
    • Trismusa edo ahoa irekitzeko zailtasuna izatea.
    • Ondoezak edo mina sentitzea mastekatzean eta ukitzean.
    • Txantxarra sortzea, eta hotzarekin eta beroarekin min ematea. Txantxarra nerbiora iris daiteke eta bat-batean taupaden erritmoaren antzera min egin.
  • Alboko aurreko haginean:
    • Txantxarra eragin dezake atzealdean eta baliteke mina izatea eta piezaren nerbioa erauzi behar izatea.
    • Txantxarra oso sakona bada, batzuetan, bigarren hagina kendu behar izaten da.

Hurrengo irudian (arestian ikus daitekeen Erradiografiarena da) judizioko hagina aurrekoaren kontra iltzatuta edo sartuta ikus daiteke. Bi kasuetan txantxar handiak daude, eta ateratzea baino beste aukerarik ez genuen izan.

caries-muela-juicio

Goiko judizioko haginak, ondoezik eragiten ez badute, askotan ez dira ateratzen.

Kirurgia

Aurrez, erradiografia panoramikoa aztertu behar da, baita pazientearen ahoa ere, hagina nola atera erabakitzeko. Batzuetan, sustraiek barruko hortz-nerbioa inguratu dezaketela uste dugunean, masailezurraren eskaner bat egitea eskatzen dugu.  Edozein hagin ateratzeko jarraitzen den prozesu kirurgiko berdina da, baina lan gehixeago eskatzen du. Guztiz edo zati batean goiko masailezurraren hezur barruan badago, pieza inguratzen duen hortzoia ireki behar da, hagina blokeatzen duen hezurretik kendu eta, palanka txiki bat eginez, luxatu, hau da, bereizi eta atera.

Askotan hobe da hagina bi edo hiru zatitan moztea dagokion sustraiarekin, errazago atera ahal izateko. Sustraiak ia zuzenak izan edo lotuta egon ordez, oso makurrak, oso bereizita edo kako-formako amaiera dutenean egiten dira halakoak.

Hortza atera ostean, hainbat puntu ematen ditugu errazago orbaintzeko eta puntuak 10 egun barru kenduko dira hortza atera ostean egin behar den azterketa-kontsultan.

Gure kontsultan, horrelakoetan paziente guztiek hartzen duten lasaigarriari esker, oso ondo zabaltzen dute ahoa, lasai daude eta ebakuntzaren oroipen ona izan ohi dute. Gainera, antiinflamatorio eraginkor bat ematen diegu, hortza atera den gunea edo masaila handitzea ekidin eta, beraz, ondoezak arintzeko.

cirugia-muela-juicio

Hortza atera osteko zaintza

Agindutako medikazioa hartu behar da eta, ahal den heinean, egun batez atseden hartu, edonolako ondoezik balego ere, baina hori ebakuntza sinplea edo konplexua izatearen baitan dago.

Hau gomendatzen da:

  • Ez edan likido berorik egun batez, beroak arteriak dilatatu eta odola aterarazi dezakeelako.
  • Egin kosk gasa bati odola ateratzen bada; hobe ur oxigenatuarekin bada. Gomendio horiek nahikoak dira normalean. Izozkia edo jogurt hotz bat edatea ere ez dago gaizki. Edonolako zalantzarik izanez gero, gure kontsultara dei egin dezakezu.
  • Jan janari epela eta asko mastekatzea eskatzen ez duena, bi egunetan zehar: pasta, lekaleak, barazkiak, tortilla, arraina. Utzi sagardotegiko txuleta hurrengo asterako.
  • Ipini izotza edo antzekoa masailean ordu batzuetan zehar. Hala, handitzea eta ondoezik eragitea ekidingo duzu.
  • Hortzak eskuilatu ondoren, garbitu ahoa emeki urarekin eta agindu dizugun kolutorio desinfektatzailearekin, bi egunetan zehar. Puntuak eta koaguloa ez mugitzeko da. Hirugarren egunetik aurrera, ordea, garbitu ahoa indarrez urarekin, zuloa behar bezala garbitzeko eta infekzioa eragin dezakeen janari-hondarrik ez sartzeko.

Ebakuntza aurreko edo ondorengo medikazioa

Hortza atera baino bizpahiru egun LEHENAGO hartu behar dena (zehatz-mehatz adieraziko dizugu zenbat egun. Haginaren baitan dago):

  • Augmentine, 500 mg-ko konprimatuak (antibiotikoa): 1 konpr. 8 orduro, 10 egunetan zehar.
  • Ultralevura, 50 kapsula (babesteko): 2 kapsula 8 orduro, 8 egunetan zehar.

Hortza atera OSTEAN hartu behar dena, arestian aipatutakoaz gainera:

  • Ibuprofeno, 600 mg-ko konprimatuak (antiinflamatorioa): 1 konpr. otordu bakoitzaren ostean ondoezik edo minik izanez gero.
  • Paroex 0’12% clorhexidina, kolutorioa: 1 otordu bakoitzaren ostean, 10 egunetan zehar.

Medikazioa aldatu egingo da pazienteak osagairen batekiko alergiarik edo intolerantziarik badu. Gainera, kirurgia atalean adierazi bezala, pazienteari lasaigarri bat emango diogu ebakuntza egin baino lehenago eta antiinflamatorio bat gero. Garrantzitsua da medikazioa hartzea eta hortza atera osteko zaintza adierazi bezala jarraitzea.