Ongizatea ken daitekeen protesi batekin

Ken daitekeen protesia kendu eta jar daitekeen hortzetako aparatua da. Beraz, ahotik atera behar da garbitzeko. Horrelako protesietara egokitzeko  denbora bat behar izaten du pazienteak, eta aldiro segimendu  bat egin behar izaten da dentistarenean. Dena dela, desberdintasun handia dago hortz natural ugari euskarri dituen protesi partzial baten eta bi hortz-euskarri baino ez dituen baten artean. Hortz naturalik ez bada, hortzeria osokoak direla esaten da. Horrelakoetan goikoa errazago eramaten da behekoa baino, oro har.

Prótesis dentales

Egokitzapen-aldia

Hasieran, protesia oso handia dela irudituko zaigu, aho barruan kamioi bat jarri baligute bezala. Izan ere, mihiak eta aho-mukosak sentsibilitate handia dute jaten duguna bereiztu ahal izateko, baina zorionez, ahoa berehala ohitzen da egoera berrietara.

Baliteke ezegonkorra, ahoan asko mugitzen dela iruditzea. Mastekatzean eta hitz egitean parte hartzen duten muskuluek inkontzienteki ikasi behar dute koordinatzen eta protesiari eusten, batik bat protesi osoa denean. Bizikletan ibiltzea bezala da. Behealdeko protesi oso bat izanez gero, ezpainek eta masailek eusten lagundu behar dute. Bada, alde batean mastekatzen badugu, muskuluek protesia beste aldetik goratzea ekidingo dute.

Ahoskerari dagokionez, hitz egin familiarekin ordu batzuez edo irakurri ozen, eta edonolako akatsak berehala zuzenduko dira normalean.

Jateko edo behar bezala hitz egiteko zailtasunik izanez gero, ez izan zalantzarik eta adieraz iezaguzu. Protesia erosotasun osoz eramateko behar duzun guztia egingo dugu.

Ukituak

Nolabaiteko narritadurak edo gorritasunak eragin ditzakete protesiek hasieran, baina egun batzuk barru desagertu egingo dira. Hala ere, urratu edo zauriren bat izanez gero, horrek dakarren ondoez eta guzti, aparatua beheratu beharko da gune horretan, sintomak berehala arintzeko. Protesia ahoaren mugimendura ere egokitu behar delako gertatzen da.

Horregatik, batzuetan ez da protesian inolako ukiturik egin behar, edo ukitu txikiak besterik ez, hortz-euskarri ugari dituzten aparatuetan kasu. Beste batzuetan, ordea, batik bat hortzeria osoetan, pazientea hainbat aldiz joan behar izaten da kontsultara protesiarekin ondo sentitu arte.

Dena de, pazienteak onartu behar du ken daitekeen protesi batek arazo txikiak ere badituela eta izan badirela beste aukera batzuk, adibidez, protesi finkoak zizelkatutako hortzetan (koroak eta zubiak) edo inplanteen gaineko protesiak (finkoa edo ken daitekeena, baina egonkortasun handikoa).

Zaintza

Protesia egunean hiru aldiz kendu beharko da, otordu bakoitzaren ostean, garbitu ahal izateko eta hortz naturalak eta hortzoiak ere eskuilatu ahal izateko, bai hortz horien inguruak zein aparatuaren hortz-euskarriak. Eskuila bereziak erabiliko dira protesietarako: hortzetako eskuilak baino handiagoak dira eta sendoagoak. Dena den, etxetik kanpo bagaude, edo lanean, hortzetako eskuila erabil dezakegu bai aparaturako bai hortz naturaletarako.

Egunean behin, normalean goizean gosaldu ostean, edo dutxatzen ari garen bitartean, aparatua urez betetako edalontzi batean jarri behar dugu, aparatua urez estali arte, eta pastilla eferbeszente bat gehituko dugu protesia guztiz garbitzeko.

Aparatua txikia bada, pastilla erdiarekin nahikoa izango da. Protesiak daraman erretxina oso porotsua delako egiten da; izan ere, pastillarik erabiltzen ez badugu, bakterio-plaka bat sortuko dan eskuilatu badugu ere.

Ken daitezkeen protesiak egunez nahiz gauez eraman behar dira.

Pertsona batzuk nahiago dute protesirik gabe lo egin. Kasu horietan, pastilla eferbeszente batekin garbitu behar da protesia eta klinikan horretarako emango dizugun kaxan lehortzen utzi. Dena den, batzuetan gau osoan eraman behar izaten da nahitaez, adibidez, hortz natural gutxi izanik bruxismoa duten edo hortzak estutzen dituzten pertsonek, aparaturik gabe, aipatu hortz naturalak gainkargatu eta galdu egin ditzaketelako, hausturagatik edo gehiegizko mugikortasunagatik.

Ken daitezkeen protesi horiek higatu egiten dira denborarekin, are gehiago bruxismoa izaten bada. Gainera, urteen poderioz, masailezurren morfologia aldatu egiten da, baita hortzoia eta hezurra ere. Horregatik da garrantzitsua urtean behin kontsultara etortzea, aztertzeko bai protesia, bai euskarri zaizkion hortz naturalak.

Aparatua hortzoira behar bezala egokituta mantentzeko, betegarri bat ipintzea komeni da urte batzuen ostean, hortzoiaren bilakaerara egokitzeko. Izan ere, aparatua eusten den zonaldean hortz naturalik ez bada, kontuan izan behar da hezurra, eta ondorioz baita hortzoia ere, altuera eta zabalera galtzen doazela.