Hortz-zubiak

Zubi bat protesi finkoa da, falta den edo diren hortz bat edo gehiago ordezteko, hutsunearen ertzean dauden hortzak euskarri.

Protesi finko bat izaki, ezin da eta ez da komeni kentzea; gure zati bihurtzen da, eta gure hortz naturalekin batera eskuilatzen da. Beraz, abantaila handiak ditu ken daitezkeen protesien aldean; azken horiek ahotik atera behar dira eskuilatzeko eta, gainera, mastekatzean, nolabait ere mugitu egin daitezke, baina halakorik ez da gertatzen zubi finkoekin.

Puentes dentales

Zubiak hortz naturalen gainean

Horrelako zubiak alboko hortzetan lotzen dira (zutabeak esaten zaie) koro edo zorroen bidez. Horretarako, aipatu hortzen kanpoaldea zizelkatu, higatu, behar da, inguratzen edo estaltzen dituzten koroek behar bezalako euskarria izateko.

Zubiak koroez osatzen direnez, falta den hortz bat edo batzuk ordeztu ditzakete eta, gainera, funtzio eta ezaugarri berdinak dituzte. Ohikoa da ahoko beste hortz guztien zuritasuna konbinatzea. Beraz, hortzeriaren kolorea aldatu eta hobetzeko ere erabiltzen dira.

Hortzen forma eta inklinazioa aldatzeko ere erabiltzen dira. Horregatik, hortzak bata bestearen gainean daudenean edo, aldiz, elkarrengandik oso bananduta daudenean, lotzen dituzten koroak edo zubiak egiten ditugu ortodontziaren ordez, hortzak lerrokatuta eta estetikoki berrituta geratzeko.

Hortz-zubia egitea

Koro edo zorro bat egiteko fase berdinak jarraitzen dira.

Lehenengo hitzorduan:

  • Zubiaren euskarri izango diren hortzak zizelkatzen dira (zutabeak), egin nahi ditugun koroak ipintzeko forma egokia izan dezaten, forma eta inklinazio jakin batekin.
  • Zubiaren euskarri den hortza desbitalizatuta badago eta koro gutxi geratzen bada, edo enpaste handia badu, buruxka edo zutabe bat jartzen da sustraian. Bi modutara egin daiteke:
    • Zuzenean: desbitalizazio-materialaren zati bat aterako da sustrai barrutik, zementatu edo itsasten den zutabe bat sartu eta koroak jasoko duen muinoia berregingo da konpositez.
    • Zeharka: desbitalizazio-material zati bat aterako da baita ere, eta sustraiaren barrualdearen inprimatze edo molde bat egingo da silikonaz, laborategian zutabe eta muinoi bat neurrira egin dezaten (sasi-muinoia esaten zaio), gero sustraiaren barruan zementatzeko.
  • Hortzaren muinoia prestatu ostean, silikonazko inprimatze bat egingo da eta protesi-laborategira bidaliko da. Gainera, kolorea eta tonalitatea ere neurtuko da zehatz-mehatz, zubiak alboko hortzen kolore berdina izateko eta ordezkoa dela ez nabarmentzeko.
  • Azkenik, erretxinazko behin-behineko zubi bat egingo da kontsultan, zizelkatutako hortzak babestu eta falta den edo diren hortzek eragindako barrunbea estaltzeko. Hala estetika eta funtzioa mantenduko da, behin betiko zubia laborategian egiten den bitartean.

Bigarren hitzorduan:

Zubia probatuko da ondo sartzen dela egiaztatzeko zizelkatutako hortzen inguruan eta falta den edo diren hortzen barrunbea behar bezala betetzen dela ikusteko

Kolorea eta forma alboko hortzekin bat datozela egiaztatuko da. Gainera, aurkako hortzekin ixtean edo kosk egitean ez da inolako arazorik izan behar, izan ere, aurreko hortzekin talka eginez gero, zubia denborarekin askatu eta, portzelanazkoa bada, hautsi egin daiteke. Bruxismoa duten pertsonen kasuan gerta daiteke, hau da, hortzak higatzen dituzten pertsonen kasuan.

Puentes dentales

Hortz-zubi motak

Erretxinazko zubia edo behin-behineko zubia

Hortza babestu eta estetika mantentzen du, behin betiko zubia egiten den bitartean; hots, bi edo lau aste behar izaten dira. Horri esker, gustura egin dezakegu irribarre eta naturaltasunez hitz egin dezakegu. Kontuz, ez da komeni elikagai oso gogorrak mastekatzea hautsi egin daiteke eta.

Ez da erabili behar bizpahiru baino luzeago, izan ere, denbora hori behar izaten da hortz bat atera ostean orbaindu arte. Luzeago erabiltzen bada, porotsu bihurtuko da eta mikrobioak barrura sartu ahal izango dira, janariaren pigmentuek ilundu egingo dute eta, ondorioz, hasieran zuen kolorea galduko du. Gainera, behin-behineko zementua itsatsita dagoenarekin xurgatzerakoan, askatu eta txantxar bat eragin daiteke zubiaren azpian, zementua askatu den zonaldean.

Ezin da behin betiko zubi bezala erabili.

Metal-portzelanazko zubia

Egitura metalikoa du eta inguruko hortzen kolore berdina duen portzelanaz dago inguratuta. Gehien erabiltzen dena da. Egitura metalikoari esker, oso sendoa da, eta horregatik erabiltzen da zubi luzeak egin behar badira, batik batik atzealdekoetan, bi hortz edo gehiago falta diren kasuetan.

Barruko geruza metalikoak nolabaiteko opakotasuna ematen dio azpiko hortzaren kolorea estaltzeko, baldin eta ilundu egin bada edo aipatu hortza indartzeko egin den muinoi metaliko bat badago.

Oso garrantzitsua da zeramika goi-mailako kalitatekoa izatea, hortzak itxura naturala izateko zehatz-mehatz zein kolore eman nahi diogun erabakitzea eta laborategi on batean egitea.

Guztiz zeramikazkoa den zubia (portzelana)

Aurrealdeko hortzetan erabiltzen da bereziki. Nolabait ere zeharrargia denez, kolore natural polita lortzen da. Azpiko hortzak alboko hortzen antzeko kolorea izan behar du. Pixka bat hauskorra denez, ez da komeni zubi luzeak egin behar direnean edo atzeko haginetakoetan erabiltzea, zubi-mota hau ipintzeari esker oso ondo koska egin eta ahoa ixten bada izan ezik.

Portzelanaz inguratutako zirkoniozko zubia

Zirkonioa metal zuri bat da, nolabait ere zeharrargia edo lausoa, zirkonio mota eta kalitatearen arabera. Aurrealdeko zubietarako erabiltzen da bereziki, azpiko hortzaren kolorea nahiko argia denean.

Ez da metal-portzelanazko zubia bezain sendoa. Beraz, ez da gomendatzen zubi luzeak egin behar direnean edo atzeko haginetakoetan erabiltzea.

Zubi finko bat jartzea erabaki baduzu, zure behar estetiko eta funtzionaletara hoberen egokitzen dena proposatuko dizugu gure kontsultan.

Inplanteak zubien ordez

Inplateak egitea ohikoagoa denetik, zubi gutxiago erabiltzen dira. Zubi bat egiten denean, euskarri zaizkion hortzak higatu egin behar dira pixka bat, eta barrunbea bete eta sustrairik ez duten hortzek karga bat jasan behar izaten dute.

Inplanteak ipintzen direnean, berriz, ez dira alboko hortzak ezertarako ukitzen eta mastekatzeko indarra inplanteetara joaten da eta hortik masailezurrera, hortz naturalekin gertatzen den moduan. Horrela, alboko hortzen iraupena babestu egiten da eta hezur albeolarra mantentzen da (inplanteek estimulatzen dute).

Inplanteen aldean, zubiek duten abantailetako bat da, ordezkatu behar dugun hortza atera ostean, zubia azkarrago egiten dela eta denbora gutxiago behar dela hortza atera ostean orbaintzeko. Gainera, hortz-euskarriak zorroan babesten direnez, higatzen diren arren, estetika hobetu egiten da ilunduta baleude.

Garrantzitsua da gogoraraztea urtero azterketak egin behar direla kontsultan, bai hortz naturalak eta hortzoiak direla, bai zubiak eta inplanteak badira. Zubien kasuan, baliteke, aukera gutxi badaude ere, txantxar bat agertzea euskarri-hortzaren oinarrian, edo zubia mugitzea hortz-euskarriak behar adina sendoak ez badira eta indarren batek sufriarazten baditu.