Hortz-mentuak inplanteak ipini baino lehenago. Hezur Birsorkuntza

Injertos oseos

Hortz-inplanteak hortz-sustrai artifizialak dira eta goiko nahiz beheko masailezurrean ipintzen dira.

Protesia behar bezala finkatu ahal izateko, inplanteetarako hezur-bolumen nahikoa izan behar da. Hezur-bolumen gutxiegi dagoenean, bolumena handitu egin daiteke hezur-mentu bat kirurgikoki jarriz.

Diagnostikoa

Inplanteak ipintzeko zenbat hezur-bolumen dagoen neurtzeko hiru dimentsiotako irudien teknikak erabiltzen dira (eskanerra). Hauei esker, inplantea ipini behar dugun zonaldeko hezurrak zein altuera, zein lodiera eta zer nolako kalitatea duen neurtu ahal izango da.

Irudiekin, gainera, inplanteak jartzerakoan oztoporik izango den ala ez jakingo da, alegia, sustrai-hondarrak, kiste txikiak, etab. hautemango dira.

Teknika kirurgikoa

Hainbat hezur-mentu mota daude. Mentu-motaren arabera, kontsultan bertan edo klinikan egingo da ebakuntza, anestesia lokalarekin edo orokorrarekin.

Dena dela, gune kirurgikoan asepsia-baldintza oso zorrotzak izango dira ebakuntzarako.

Oro har, bi hezur-mentu mota bereizten dira:

Auto-mentuak: mentua jasoko duen pertsonaren hezurra erabiltzen da. Normalean, goiko edo beheko masailezurretik hartuko da, mentua egingo den zonaldetik gertu. Mentu handiagoetarako, garezur-gangatik edo hezur iliakoaren gandorretik hartuko da hezurra.

Auto-mentuak ez direnak: kasu honetan, jatorri sintetikozko materialez konpentsatzen da hezur-falta. Horrelako materialak erabili ahal izateko, segurtasun handia bermatzen duten prozesuak gainditu behar izaten dituzte aipatu materialek.

Hezur birsorkuntzarako edo hezurra areagotzeko teknikak

  1. Urban teknika
  2. Khoury teknika
  3. Gandor Albeolarraren split-a

Urban teknika.​ Teknika honi “Saltxitxa teknika” ere esaten zaio. Hungariako Urban doktoreak asmatu zuen eta masailezurraren atzealdean erabiltzen da hainbat inplante ipintzeko hezurrak behar adina altuera ez duenean. ​Hezur-birsorkuntza bertikala da​, beraz.

Hortzoia ireki eta ondo bereizten da, malgu eta lasai utzita, behean jarriko dugun materiala (saltxitxa forma izango du) inguratu ahal izateko moduan. ​Inplanteak ipintzerakoan, bizpahiru bira agerian utziko dira.​ Pazientearen hezur-hautsez inguratzen dira aipatu birak (karrasgailu makur baten laguntzaz, pazientearen masailezur atzealdetik eta albotik karraskatuz lortuko da hezur-hautsa). Biomateriala duten hazkuntza-faktore kroketa bat ipiniko da gainean.

Horren guztiaren gainetik, iraupen luzeko zuntz bat jarriko da, txintxetekin finkatuta, eta, kanpin-denda baten antzera, hagak inplanteak izango dira. Hurrengo geruza fibrina-zuntz bat izango da. Bertan, hortzoia josi eta lasaierarekin geratuko da. Inplanteek 9 hilabetez egon behar dute kargarik gabe, hau da, kororik ipini gabe edo jateko ken daitezkeen aparatuak erabili gabe. Baliteke parestesia edo inurridura sentitzea denbora batez. Teknika konplexua eta nekeza da, eta inplante motzak direnean ez erabiltzen saiatzen gara.

Khoury teknika.​ ​3Dko hezur-birsorkuntzarako​ ​teknika​ bat da. Münster-eko Unibertsitateko Khoury doctoreak sortu zuen, eta masailezurraren atzealdeko hezurraren altuera eta zabalera areagotzeko kasuetarako erabiltzen da hainbat inplante jarri nahi direnean. Pazienteari hezur-lamina karratu bat aterako zaio, kanpoaldeko masailezur-angelukoa. Aipatu laminak hainbat mm izan behar ditu lodieran, eta bitan zatitzen da forma sagitalean, bi hezur-lamina karratu lortzeko.

Lamina horiekin hezur partikulaturako kofratze bat egingo da: bi laminak torlojutu egingo dira inplantea ipini nahi dugun albeoloaren bi hezur-hormen kanpoaldetik, eta aipatu hezur-hormak baino altuagoak geratuko dira. Eta barruan, laminen artean, birsortze-materiala ipiniko dugu, alegia, normalean hezurra karraskatuz lortutako hezur autologoaren eta hazkuntza-faktoredun biomaterialaren nahasketa bat. 6 hilabete eta urte bete bitartean itxaron ostean, berriz irekiko da eta inplanteak jarriko dira. Inplante oso motzak jarri ezin direnean erabiltzen da teknika hau.

Gandor albeolarraren split-a.​ Ebakuntza ohikoena da, eta ​masailezurrerako erabiltzen da bereziki​, inplante bat edo gehiago jarri nahi ditugunean, ​hezurrak behar adina altuera izanik ere, hezur-gandorra oso estua denean​. Hortzoia ireki ostean, ebaketa sagitala egingo  da hezur-gandorrean, deskarga mesial eta distalekin, ez oso luzeak, ezta oso sakonak ere. Ogi-opila horizontalean pixka bat irekitzea bezala litzateke, barruan txistorra-zati bat edo batzuk ipintzeko bertikalean.

Bi lamina erdi-irekien artean, zabalgailu batzuk sartuko dira, gero eta zabalagoak, inplanteak ipiniko diren zirrikitua zabaltzeko. Inplanteen artean hazkuntza-faktoreak ipiniko dira betegarri moduan. Kanpoko lamina da lekualdatuko dena, barrukora lotzen dena finkoa delako (bi torlojuekin dago lotuta). Fibrina-zuntz batekin inguratzen da guztia fresatzearen bidez lortu diren hezur-partikulekin. Garrantzitsua da hortzoia tentsio gabe jostea. Inplanteak hezurrean integratzeko, 6 hilabete eta urte bete bitartean itxaron behar da.

Eboluzioa

Mentu mota eta tamainaren araberakoak izango dira hezur-mentuen ondorioak. Ebakuntza kirurgiko guztietan bezala, inplantea ipini baino lehenagoko hezur-mentuak orbaindu egin behar dira eta bitarte horretan mina edo hantura pairatuko da, eta, arraroa bada ere, baliteke nolabaiteko arazoak ere sortzea.

Orbaintze-aldia ahalik eta hoberen joan dadin, zein medikazio hartu behar duzun eta zer egin behar duzun adieraziko dizugu.

Laburpena

Goiko edo beheko haginetan dagoen hezur-bolumena askotan ez da nahikoa izaten hortz-inplante bat jarri ahal izateko. Hezur-mentuei esker, aipatu bolumena handitu daiteke.

Mentua kontsultan bertan edo klinikan egin daiteke, anestesia lokalarekin edo orokorrarekin.