ORBANAK HORTZETAN

Manchas en los dientes

Hortzetan orbanak agertu daitezke hainbat motiborengatik, eta horregatik, hain zuzen ere, daude hainbat tratamendu.

Azaleko orbanak

Hortzaren kanpoaldean daudenak dira.

Koloratzaileak pilatzeagatik

Kafeak, teak, ardo beltzak, tabakoaren nikotinak eta hainbat elikagai ilunek, hala nola, erregalizak edo txipiroietako tintak eta antzeko elikagaiek koloratzaileak dituzte. Halako elikagaiak asko kontsumituz gero, hortzak iluntzeko aukera ugari daude. Medikamentu batzuk ere ilundu ditzakete hortzak, hala nola, klorhexidina duten irakuzketa-produktuek edo burdina-oinarria duten medikamentuek.

Hortz naturalez gainera, enpasteak eta zorroak ere tindatu daitezke, bai portzelanazkoak, eta batik bat erretxinazkoak ere.

Koloreztatze horiek ekidin eta gertatzea kontrolatzeko, kasuaren arabera, egunean hiru aldiz eskuilatu beharko dira hortzak, eta urtean behin edo bitan ahoa kontsultan garbitzea gomendatzen da. Hortz pasta zuritzaileak erabil daitezke, baldin eta kalitatezkoak badira, izan ere, oso urratzaileak badira esmaltea marratu dezakete, koloratzaileak eragindako ildasketan pilatu eta desagerrarazteko zailagoak izan.

Ahoa gomazko kopa batzuekin garbitzen da; hortzak kontu handiz leuntzen dituzte eta distira ematen diete higatu gabe.

Substantzia koloratzaileak desagerraraztea edo murriztea da koloratzeak ekidin edo murrizteko modurik onena. Tabakoarekin, berriz, kontsumoa murriztu behar da, kontuan izanda hortzen estetikarako onena erretzeari uztea dela. Ezin badiozu utzi, izugarri lagunduko du hortz pasta zuritzaile on batek.

Kafea edo tea maiz edanez gero, hobe esnearekin nahasten bada. Horrela, gutxiago tindatuko du.

Irakuzketa-produktuak edo klorhexidina duten hortzetako pastak ezin hobeak dira desinfektatzeko. Sarri agintzen ditugu inplanteen kirurgia, hortzak atera edo hortzoiak handitu ostean, baina betiere denbora labur jakin baterako, egun batzuk edo bizpahiru asteetan zehar erabiltzeko. Gero, hortzak iluntzen badira, berezko kolorea berreskuratuko da hortzak kontsultan behin garbituta. Are gehiago ilunduko dira erretzailea bazara edo listu oso lodia baduzu.

Esmalte-arazoengatik

Baliteke orban zuri edo marroiak izatea esmaltearen jaiotzetiko malformazio batengatik. Hortza gaizki osatuta ateratzen da.

Orbanak oso azalekoak badira, desagerrarazi egin daitezke mikrourratze batekin, hau da, pixka bat higatuz.

Sakonagoak badira, malformazioa kendu egin beharko da fresa baten bidez, txantxarra balitz bezala eta, gero, hortzaren kolore berdineko konpositezko enpaste bat egingo da.

Orban sakonak

Hortzaren barrualdea tindatuta egoteagatik, hortza ilun dagoenean izaten da.

Enpaste metalikoak

Enpaste metaliko zaharrek hortza ilundu dezakete barrualdetik. Enpastea aldatu eta hortzaren kolore berdineko konpositezkoa egiten bada, nahikoa izaten da. Aurrealdeko hortza bada, ez da nahikoa izango enpaste zuriarekin. Portzelanazko xafla bat edo zorro bat ipini beharko litzateke.

Iluntzea endodontziagatik

Batzuetan, baina gutxitan, hortz desbitalizatua (endodontzia) ilundu egin daiteke eta alboko hortzekiko kontrastea nabaritu. Orduan, barrualdea zurituko dugu eta itxura naturalagoa izango du.  Ikusi teknika zuritzeari buruzko artikuluan.

Hortz ilunak tetraziklinengatik

Tetraziklinak  antibiotiko bikainak dira, baina 7 urte baino gutxiago dituzten haurrei emanez gero, hortz ilunak izan ditzakete gerora.

Izan ere, adin horretan ari dira hortzak hazten masailezurren barruan, eta tetraziklina bertan geratzen bada, hortz-boli iluna sortuko da, normalean zerrendaka.

50eko hamarkada amaieran, 60ko hamarkadan eta baita 70eko hamarkada hasieran ere jaiotako haurrei pasa zitzaien. Intentsitate desberdineko kolorazioak dira. Paziente batzuk pixka bat baino ez zituzten ilunak eta beste batzuk, ordea, oso grisak zituzten, baita tonu marroi edo moreekin ere.

Kasu arinetan, kanpoaldeko zuritze bat nahikoa izaten da, baina kasu gogorrenetan, portzelanazko xaflak ipini behar dira eta beste batzuetan zirkonio-portzelanazko edo metal-portzelanazko zorroak, hortzaren kolore iluna ikustea galarazten dutelako.

Ikusi informazio gehiago portzelanazko xaflei eta koroei edo zorroei buruz.