IRRIBARRE-MOTAK

Tipos de sonrisa

Irribarrea aurpegiaren adierazpen-elementua da, eta aurpegiko muskuluek dituzten mugimenduekiko orekan egon behar da.

Begiradaz gainera, ahoaren beheko herena pertsona baten adierazpen-puntu garrantzitsuenetako bat da.

Irribarreak hainbat forma izan ditzake horizontalean: zabala, estua…eta baita bertikalean ere, hau da, altuagoa edo baxuagoa irribarre egitean ikusten den hortz-kopuruaren arabera. Halaber, simetrikoa izan daiteke edo hainbat asimetriaduna.

Hainbat tratamendu odontologiko daude irribarrean eragina duten arazoetarako.

Irribarrea horizontalean

Irribarre estua

XX. mendean modan zegoen. Aho txikitxoa edo gazteleraz “boquita de piñón” esaten dena da.

Irribarre egitean hortz gutxi erakusten dira: aurrealdekoak, letaginak eta lehenengo aurreko hagina. Garai batean ordezko hortzeria estuak egiten zituzten, arku oso itxiarekin.

Tipos de sonrisa

Irribarre zabala

Gaur egun ederrena dela uste da. Hortz asko erakusten dira, lehenengo haginera arte. Julia Roberts aktorearen irribarrea da.

Horrelako irribarre bat izateko, aho handia izan behar da berez, baina irizpide estetiko hau kontuan hartu daiteke hortz-tratamenduak egiterakoan.

Horiek horrela, aho zabalak egiteko joera dago ortodontzian, hortz asko erakusten dituzten irribarreak lortzeko. Ahosabai estuak ekidin edo zuzentzen dira, baita ezpainen ertzen ondoan hortzik gabeko hutsune beltzak dituzten irribarreak ere.

Goiko arku osoa inplanteen gaineko hortzekin berregiten denean, edo aurrealdeko hortzetan zorroak ipintzerakoan, irribarrea zabala izan dadin saiatzen gara baita ere.

Europan, estetika ahalik eta naturalena lortu nahi izaten da; Amerikan aldiz, hortz asko erakusten dituzten irribarreak izateko joera dago.

Gure kontsultan beti egiten ditugu estetika-probak, pazienteari hoberen egokitzen den irribarrea lortzeko.

Irribarrea bertikalean

Irribarre-lerro normala

Irribarre egiterakoan goiko hortzen altueraren %75 eta %100 erakusten da, baita hortzoi-papilak ere, hau da, hortzen artean dauden hortzoietako triangelu txikiak.

Hori da normalena eta populazioaren gehiengoari gertatzen zaio, nahiz eta adinarekin, aurpegiko muskulatura eta azala beheratu eta hitz egiterakoan beheko hortzak geroz eta gehiago erakutsi; beraz, irribarrearen lerroa ere beheratu egiten da adinarekin.

Irribarre-lerro baxua

Irribarre egiterakoan goiko hortzen %75 baino gutxiago erakusten da, eta ez da hortzoirik ikusten. Oso baxua bada, kirurgia estetikoarekin zuzendu daiteke eta, batzuetan, ortodontziarekin. Populazioaren %20aren kasua da.

Zeramikazko koroak ipiniz gero inplanteen edo hortzen gainean, abantaila bat dugu: ez dira ikusiko urteek aurrera egin heinean batzuetan agertzen diren arazo txikiak zeramikako zorroen eta hortzoiaren arteko lotunean. Berdin gertatzen da erretzaile izateagatik edo hortzoietako gaixotasunak pairatzeagatik hortzoia atzeratzen zaien pazienteengan: irribarre baxuari esker, ez dira ikusiko hortzen artean dauden hutsune ilun txikiak.

Irribarre-lerro altua edo hortzoi-irribarrea

Irribarre egitean hortzaren luzera osoa eta hortzoi ugari erakusten da. Populazioaren %10aren kasua da. Adinak aurrera egin ahala, hortzoi gutxiago erakusten da. Ezpainetako kirurgiarekin zuzendu daiteke, kendu eta beherantz eramanez.

Aurpegi eta masailezur kirurgia bidez ere zuzendu daiteke, hortzoiaren eta beheko masailezurraren luzera txikituz, edo ortodontziarekin, goiko hortzak gorantz eramanez.

Horrelakoetan, hortzek eta hortzoiak estetika oso ona izan behar dute, izugarri nabaritzen baita akatsen bat dagoenean.

Irribarrean estetika funtsezkoa da ahoko edozein tratamendutan.