HORTZOIAREN KIRURGIA ESTETIKOA

Cirugía estética de la encia

Irribarre bat estetikoa eta harmoniaduna izateko, hortzak eta inguruko hortzoiak ere halakoak izan behar dira. Hortzeria polit bat izanik eta piezak ondo lerrokatuta, hortzoia arrosa-kolorekoa ikusi behar da, osasuntsua, eta hortzak inguratzeko moduan aldaketa handirik gabe.

Baliteke hortzoiaren altuera egokia ez izatea hortzaren sustraia hortz batzuetan besteetan baino luzeagoa ikusten denean kasu. Eta baita bolumen aproposa ez izatea ere; adibidez, hortz bat atera ostean, ondoko hezurra murriztu denez hortzoian geratzen den sakonuneagatik. Azken hori konpontzeko, hortzoi-mentuak egiten dira.

Hortzoi-mentuetarako, hortzoi zati bat ateratzen da ahoko zonalderen batetik ondoko, edo distantzia jakin batera dagoen, beste batean jartzeko.

Hortzoietan egiten diren esku-hartze estetiko ohikoenak

Ageriko sustraia estaltzea

 – Teknika

Hortzoia atzeratu eta sustraia agerian uzten denean, hortzoiaren auto-mentu bat egin daiteke. Hau da, luzatu den sustraia pazientearen hortzoiaren zati batekin estaliko da eta puntuen bidez lotuko zaio ondoko hortzak estaltzen dituen hortzoiari.

Sustraia estaltzeko erabiltzen den hortzoi-zati hori ondoko hortzoiaren zonaldetik hartuko da, guztiz askatu gabe; albo batera eraman eta ageriko sustraiaren gainean jarriko da. Eramandako hortzoi-mentua esaten zaio.

Batzuetan hortzoiaren zatia ahosabaitik edo ahoko beste zonalde batzuetatik hartzen da. Orduan, guztiz askatu eta sustraia estaltzen da. Hortzoi-mentu askea esaten zaio. Amaitzeko, estalitako sustraiaren alboetara ondo lotzen da puntuen bidez.

– Eboluzioa

Aste beteren buruan, mentua bera eta mentua hartu den zonaldea dezente orbaindu dira. Beraz, tratatu den zonaldeko puntuak kendu daitezke.

 Bi hilabete beharko dira guztiz orbaintzeko eta emaitza estetiko egonkorra eta behin betikoa ikusteko

Hortzoiaren atzerapena guztiz edo zati batean estalita egotea lortuko dugu, kontuan hartuta kasu bakoitza, kirurgia zenbateraino izan den konplexua, pazienteak ebakuntzaren ostean zer nolako higienea izan duen eta, batik bat, hasiera batean zenbat sustrai zegoen agerian.

– Hartu beharreko neurriak

Kontu handiz jan beharko da, batik bat lehenengo hamar egunetan. Ekidin mentuaren zonaldetik kosk egitea eta ez jan elikagai gogorrik, fruitu lehorrak kasu, ezta elikagai gaziegiak edo narritagarriak ere.

Ezinbestekoa da esku-hartu den zonaldeetan higiene egokia izatea. Horretarako, klorhexidina antiseptikodun kolutorio irakuzketa-produktuak erabiliko dira.

Ez eskuilatu zuzenean mentua aste bete edo bi astetan zehar, orbaintzeko daraman erritmoaren arabera.

Tabakoak ere kalte egiten dio mentuaren emaitza kirurgiko eta estetiko onari.

Saiatu ez erretzen ebakuntza egin eta hiru eta hamar egun bitartean; ezinbestekoa da.

Hortzoia loditzea

Hortz bat ateratzen denean, hutsune bat geratzen da hortzoian, eta batzuetan hezurrak ez du behar bezala betetzen. Horren ondorioz, hezurra eta hortzoia meheagoak izaten dira zonalde horretan eta barrunbea nabaritu egiten da.

Goiko eta aurrealdeko hortz bat bada, eta zubi edo inplante bat jarri nahi badugu, hutsune hori bete beharko dugu hortzoiarekin gehitu den ordezko hortza ondoko beste hortzak baino luzeagoa ikus ez dadin. Horretarako, hortzoi-mentu bat egingo da. Hutsunea handiegia bada, hezur-mentu bat ere egin beharko da, pazientearen hezur batekin edo hezur artifizial batekin.

Hortzoia loditzeko mentua  egiteko sustraiak estaltzeko menturako adierazi ditugun teknika antzekoak erabiltzen dira.

Eboluzioa eta kontuan hartu beharreko neurriak arestian aipatutako ebakuntzaren antzekoak dira baita ere.

Hortzoien estetika hobetu nahi baduzu eta, beraz, baita irribarrea ere, esaiguzu zure hurrengo hortz-kontsultan.