APAINGARRIAK AHOAN

Ahoaldean jartzen diren apaingarri ezagunenak piercing-ak dira; ezpainetan edo mihian jar daitezke. Brillanteen imitazioak (beirazkoak) ere ipintzen dira hortzen gainean.

Ahoko piercing-ak

Urteak dira modan daudenetik, batik bat gazteen artean. Baina egia esan, mendebaldean baino ez dira berri, hau da, Europan eta Ipar Amerikan. Munduko hainbat kulturetan, ohikoak dira piercing-ak eta horientzako edertasun eta prestigio zeinu dira.

piercing labial

Gure herrialdean, piercing tradizional bakarra belarrietako lobuluetakoak dira: neskei egiten zaizkie jaiotzean gerora belarritakoak eraman ahal izan ditzaten.

Europan, tatuajeen moduan, piercing-ak gorputzeko hainbat ataletan ipini izan dituzte batik bat marinelek eta biziki bizi izan direnek (eta legez kanpo batzuetan). Asaldura eta intsumisioa adierazteko oso erakargarriak dira, beraz.

Ahoko piercing-en berezitasunak

Belarrietako piercing-ek arazo gutxi eragiten dituzte. Ahokoak, berriz, muskulu eta epitelioko ehuna zulatu ostean, ahoan bertan geratzen dira, hau da, barrunbe septiko batean, non germen ugari egoteaz gainera, mugimendu asko ere baden.

Infekzioak eta hainbat traumatismo egon litezke piercing-en metalak hortzak eta hortzoiak kolpatzen dituelako mastekatzerakoan eta ahoskatzerakoan.

Piercing-a ipintzeko ezpain edo mihia kontu handiz zulatu behar da eta asepsia baldintzetan, kirurgia txiki orotan hartzen diren ohiko desinfekzio-neurriak aplikatuz: material esterila erabili behar da, anestesia, eskularruak eta maskara.

Bakterio-giro kaltegarria dagoen kasu batzuetan, gingibitisagatik, tabako-zaletasun biziagatik edo higiene faltagatik adibidez, antibiotikoak hartu beharko dira ebakuntzan zehar eta ondoren.

Kontuan izan behar da mihia eta ezpainak izugarri irrigatzen direla eta odola ateratzeko joera asko dutela.

Arazoak ebakuntzan

  • Odol aski atera daiteke, baina normalean ondo kontrolatzen da. Garrantzitsua da pazienteak koagulazio-arazorik ez izatea, medikazio antikoagulatzailerik hartzen ez aritzea, ezta plaketa-antiagregatzailerik ere, aspirina kasu.
  • Garrantzitsua da, halaber, pazientea asko ez mugitzea, piercing-a irentsi dezake eta. Ez dago aukera handirik hori gertatzeko, baina irentsiz gero ere, ez da arazo larria, digestio-hoditik aterako delako. Baina, luzea eta puntazorrotza bada, mihiko piercing batzuk bezala, digestio-hodian finkatu eta infekzioa eragin daiteke. Eboluzioa kontrolatu beharko litzateke, gorputzak bere kabuz bota arte.

Arazoa piercing-a arnasten denean dator: bronkioetan geratzen da, eta ondo arnastea oztopatzen du. Ospitalera joan beharko litzateke, piercing-a bronkoskopia bidez ateratzeko.

Arazoak ebakuntza ostean

  • Zonaldea infektatu daiteke, ahoan dauden bakterioen ondorioz edo piercing-a ez badago esterilizatuta. Mihia edo ezpainak hanpatuko dira eta mina ere sentituko da. Hitz egiteko, mastekatzeko eta irensteko min eta zailtasunak jasango dira.

Kasu horretan, antibiotikoak eta antiinflamatorioak hartu beharko dira.

Infekzioak prebenitzeko, ahoa %0,12 klorhexidinadun kolutorio batekin garbitzea gomendatzen da, ebakuntzaren aurretik, ebakuntzan zehar eta ebakuntzaren ondoren. Aipatu irakuzketa-produktua erabiliko da otordu bakoitzaren ostean, egunean hiru aldiz, aste betez.

  • Piercing-aren materiala gorputzak ez onartzeko edo errefus egiteko aukera dago. Metalarekiko alergiagatik izan ohi da, batik bat nikelarekiko, belarritakoekin gertatzen den bezala: pertsona ugarik urre edo zilarrezko belarritakoak eraman ditzakete soilik, imitaziozko bitxirik ez.

Konplikazioak epe ertain-luzera

  • Baliteke piercing-aren ingurua zuntz-moduan orbaintzea. Mihia edo ezpaina inguruan handituta egongo dira, orbain zurixka baten moduan. Batzuetan, hanpatu den ehunean hondoratuta ager liteke eta ia ez da ikusten.
  • Mugimendu-kontrastearen ondorioz, traumatismoak egon litezke, bai hortzetan bai hortzoian. Ezpainetako piercing-ekin gertatzen da bereziki. Metalarekin kolpatzen den hortza higatu egin daiteke pixkanaka, baita hautsi ere.
  • Apaingarriak hortzoiarekin etengabe talka egiten duenez, hortzoia traumatizatu eta atzeratzen joango da. Horren ondorioz, hortzaren sustraia agerian geratuko da eta hortzoiak ez du babestuko. Sustraia agerian geratzen denez, badirudi hortz bat bestea baino luzeagoa dela, eta ez da estetikoa. Denborak aurrera egin ahala eta behar adina eskuilatzen ez bada edo gehiegi erretzen bada, hortzoia eta hezurra galduko dira eta hortz bat galtzeko aukera ere badago, batik bat, beheko ebakortzak, nahiko ahulak izaki. Zorionez, oso gutxitan gertatzen dira horrelakoak, piercing-a daramaten gehienek badutelako horren guztiaren berri eta ahoko eta hortzetako higiene ona dutelako.

Piercing-a aukera estetiko bat da, bere edertasun eta guzti, eta zaindu egin behar da osasunerako txarra ez izateko.

Hortzetako brillanteak

Imitaziozko bitxi-piezak dira. Gardenak, distiratsuak edo harri bitxien koloretakoak izan daitezke. Teorian, benetako brillante edo harri bitxi bat jar daiteke, baina arrisku ekonomiko handia da hortzetik askatu eta galtzen edo irensten bada.

Teknika

Ortodontzia bracket-ak jartzeko modu berean itsasten dira, produktu berdinekin. Berez, zati lau bat dutela egiten dira, bracket-en moduan, hortzaren esmaltearen gainazalera itsatsi ahal izateko.

brillante dental

Goiko ebakortz edo letaginetan ipintzen dira, irribarre egitean gehien ikusten direnak direlako eta, horrela, gehiago erakutsi daitezkeelako. Gainera, hortz horiek gainazal nahiko laua dutenez, hobeto itsasten dira gainazal kurbatua duten beste hortz batzuetan baino.

Minutu batez esmaltean azido ortofosforiko tanto bat ipini ostean, ur ugaritan pasatu eta lehortu egingo da. Enpasteetako itsasgarri likidoa hortzean eta bitxian ipiniko da, eta polimerizatu egingo da argi ultramorearekin. Gero, gehiegizko itsasgarria kenduko da gomazko leuntze fresa batekin.

Inoiz ez da brillantea hortzean txertatuko. Horretarako, esmaltea zulatu eta brillantea zuloan sartu beharko litzateke. Baina ez du inolako zentzurik, hortza behar gabe erasotzen delako eta barrunbean, gainera, hortz-plaka sortu eta txantxarra ere ager daitekeelako.

Garai batean, artistaren batek brillante bat txertatu zuen, baina portzelanazko zorro edo koro batean, hots, aurrez hortz horretan zuen beste baten ordezko zorro edo koroan.

Hortz-klinikaren ohiko higiene-arauak oinarri lan egin behar da, eskaintzen den beste tratamendu bat delako.

Emaitza

Tratamenduaren iraupena erabiltzen den teknikaren arabera dago, baita apaingarriaren gainazalak duen kalitatearen arabera eta jaten diren elikagaiekin eta mastekatzearekin dugun arretaren arabera ere. Hortz horrekin txikleak edo elikagai itsaskorrak jatea ekidin behar da. Hobe da brillantea ahalik eta gorenen ipintzea, gogorra den zerbaiti kosk egin behar badiogu ere. Denbora gehiago iraungo du horrela.

Listuaren azidotasunak ere badu eragina emaitzan. Normalean, kontu pixka bat izanez gero, urte bete baino gehiago irauten dute.

Batzuetan, heldu minberengan, brillanteak zauri bat eragin dezake ezpainean edo masailean. Behin baino gehiagotan geratzen bada, kendu egin beharko litzateke eta beste bat jarri ahoko beste lekuren batean.
“Brillantea” hortzetik desagertu eta irentsi egin dugula uste izanez gero, ez da ezer gertatzen. Beste elikagaiekin batera aterako da.

Bere kabuz erortzen bada edo guk geuk kentzen badugu, hortzean geratu den hortzetako itsasgarria kendu beharko da, bertan utziz gero, ilundu eta orban bat agertu eta hortza zatartuko duelako; denborarekin, txantxar txiki bat ere atera daiteke.

Ahoko apaingarriak beste tratamendu odontologikoetan izaten den