Hortzetako traumatismoak

Haurrek askotan izaten dituzte traumatismoak edo kolpeak hortzetan, txikiak edo handiak.

6 hilabete eta urte bete artean dituzten haurrek oinez ibiltzen ikasten hasten dira eta askotan erortzen dira, gehienetan ondoriorik gabe. Baina batzuetan ahoan eta hortzetan hartzen dituzte kolpeak, eta hainbat ondorio izan ditzakete hortzetan, behin-behinekoetan edo esnezkoetan, 7 bat urtera arte.
nino-dental

Batzuetan behin-behineko hortzak 6 urtetik 8 urtera bitartean aldatzen dira. Arazoa, normalean, aurrealdeko hortzetan jazotzen denez, gurasoek eta haurrek jakin badakite esnezkoa edo behin-behineko hortza den kaltetutakoa, handiagoak direlako.

Behin betiko hortzetan izaten diren lesioak eta behin-behineko edo esnezkoetan gertatzen direnak antzekoak dira, baina ez da hain larria traumatismoa behin-behinekoetan gertatzen bada, denborarekin beste hortz berri bat agertu eta behin betikoengatik ordeztuko direlako.

Hortzetako edozein traumatismo garrantzitsua da. Dentistarengana joatea gomendatzen da, hortza osasuntsu dagoen ikusteko minik ez izan arren.

Beti egin behar da erradiografia bat, ikusten ez den edo ukitzean hautematen ez den hausturarik balego ere. Gehienetan ondoeza edo mina sentitzen da, eta sustraia hautsi den edo nerbioa kaltetu den ikusi behar da, hortza bizirik dagoen edo ez egiaztatuz.

Jakin badakigu hortza sustraiak eta koroak osatzen dutela, eta hori da ikusten den hortzaren zatia, guztiz azaleratu bada behintzat. Koroa edo sustraia egon daiteke kaltetuta, edo biak

Lesio-motak

Esnezko edo behin betiko hortz batean traumatismo bat izan ostean, egoera hauek topa ditzakegu:

Hortza mugitu egiten da eta ondoeza sentitzen da mastekatzerakoan edo hatzekin mugiaraztean, baina bere lekuan dago

Hortza inguratzen duen hortzoitik odola atera daiteke. Ez da berehalako urgentzia, baina ahal bezain laster eskatu beharko da hitzordua gure kontsultan. Beti egingo da erradiografia bat. Baliteke haurrari antiiflamatorio leun bat agintzea zonaldeko hantura desagerrarazteko eta ahoa ixtean ondoezik ez sentitzeko.

Bizitasun-test bat egin behar da: nitrogeno likidoz bustitako kotoi-bolatxo batekin hortza ukituko da. Hortz-sentsazio handia sortzen duenez, nerbioa narritatu eta min apur bat sortuko da.

Minik sentitzen ez bada, nerbioa kaltetu egin den seinale, eta endodontzia egin beharko zaio, hau da, nerbioa kendu beharko da, hala egin ezean, nekrosatu edo usteldu egingo delako eta goizago edo beranduago infekzio bat sortuko delako. Test hori behin betiko hortza bada egingo da.

Behin-behineko hortza izanik sentsibilitaterik ez badago, atera egingo da, bestela, infektatu egingo da eta, ezin denez desbitalizatu, esnezko hortzaren sustrai azpian dagoen behin betiko hortza kaltetu dezake.

Sustraia apurtuta badago, ezin da hodia landu, ezin da endodontziarik egin eta, beraz, hortza atera beharko da, bai behin-behinekoa bada bai behin betikoa bada. Ateratzen den hortza behin-behinekoa bada, esnezkoa, ez da ezer egingo eta behin betiko hortza atera arte itxarongo da.

Behin betiko hortz baten sustraia haustea da egoera larriena, hortza ateratzeaz gainera hortza birjarri behar da eta. Kontuan izan behar da ezin dela inplanterik jarri 18 urte bete arte, hau da, nerabea hazten amaitu arte.

Goiko aurrealdeko hortz bat falta bada, zulo handia ikusiko da, eta behin-behineko protesi bat ipiniko da, ken daitekeena edo ondoko hortzera itsatsita, inplante bat jarri ahal izan arte.

Hortza lekuz aldatu da, mugitu egin da; ez dago bere lekuan

Ahal bezain pronto ipini beharko da bere lekuan. Eskuak garbi izanik, haurrarekin batera dagoen helduak egin dezake: atzerantz sartu bada, aurrerantz aterako da eta beste hortzekin lerrokatuta utziko da. Behetik gorako kolpe bat jaso bada, hortza kanporantz egongo da inklinatuta eta bere tokian ipiniko da. Dentistarengana joan beharko da ahal bezain laster, ahal bada egunean bertan. Bitartean, haur edo nerabeak antiiflamatorio bat hartu beharko luke, adibidez, ibuprofenoa.

Kontsultan hortza bere lekuan ipiniko da, aurretik hala egin ez bada. Bere lekuan mantentzeko eta hitz egiterakoan edo jaterakoan ez mugitzeko, traumatismoa jaso duen hortza ondoko hortzetara itsatsiko da enpaste zuriaz edo konpositeaz (gero kendu egingo da).

Denbora jakin baten zehar, ferulizatu edo batu egin daiteke alanbre batez, mugitzen den hortza geldi daudenekin atzealdetik lotuz.

Bizitasun-probak egingo dira, hortza osorik dagoen egiaztatzeaz gainera.

Hortzaren koroa hautsita dago eta hausturaren trazu garbia du

nino-diente-roto
Erradiografia baten bidez egiaztatuko da sustraia ez dagoela hautsi eta ikusi nerbioa birraktibatuta dagoen edo ez. Hautsita eta bizirik badago, pazienteak aire hotzarekin hautemango du. Gero, hortz-koroa berregituratu beharko da hortzaren kolore bereko konpositearekin, edo aurrez serum fisiologikoan edo esne esterilizatuan gorde dugun (ahal bada hotzean) hortz naturalaren zatiarekin.

Gehienetan enpaste edo konpositezko berregituraketa egiten da, bai behin-behineko hortz batean nahiz behin betikoan.

Hortz-koroa hautsita dago eta odol-tanta bat du haustura-trazuan

Horrek esan nahi du nerbioa agerian dagoela. Hortza behin betikoa bada, endodontzia egin beharko da, hau da, nerbioa kendu eta antibiotiko eta antiinflamatorioak hartu beharko dira hortza ez infektatzeko. Gero, hortzaren kolore bereko konpositez berregituratuko da. Hautsitako hortz-zatia berreskuratu badugu, batzuetan hortz naturalaren zati hori erabiliko da berregituraketarako.

Hortza behin-behinekoa bada eta nerbioa agerian badago, normalean atera egiten da, bestela arazoak ekar ditzake eta. Kasu batzuetan, batik bat behin-behineko bigarren hagina bada, pulpotomia bat egiten da, hau da, agerian dagoen nerbio-zatia kentzen da soilik eta kaltzio-hidroxidoarekin estaltzen da, babesteko. Gero, enpastea egingo da. Ez da beti emaitza onik lortzen.

Hortza guztiz atera da

Abultsioa esaten zaio. Bereziki haur edo nerabeetan gertatzen da hortzak periodonto-lotura lodia duelako; hau da, hezur eta hortzaren arteko lotura ez dago mineralizatuta eta ez da helduek izaten dutena bezain gogorra.

Batzuetan, haurrek hezur eta hortzaren eta sustraiaren arteko lotura baino ez dute hausten. Orduan, hortza ziztu bizian ateratzen da, hautsi gabe eta inguruko hezurra bere horretan utzita. Helduengan, berriz, sustrai eta hezurraren arteko lotura oso gogorra denez, kolpea jasotzerakoan, hortzaren koroa edo sustraia hautsi egiten dira.

Esnezko edo behin-behineko hortza bada, ez da ezer egingo. Hortzik gabe egongo da aldiz batez eta behin betikoa atera arte itxarongo da. Batzuetan, esnezko hortzik ez dagoenean, behin betikoa normalean baino apur bat lehenago azaleratzen da.

Estetikoki, esnezko hortz bat ez duen 8 urteko haurra ez da hain arraroa. Aldiz, haurra oso txikia bada, 3 edo 4 urte bitartean, guraso batzuk nahiago dute ordezko hortz bat ipini ondoko hortzei erantsita. Egin daiteke, eta hainbat behin-behineko protesi daude.

Behin-betiko hortza bada, berriz ezarri beharko da, hau da, bere lekuan ipini beharko da berriro, sustraia dagokion barrunbean sartuz.

Horretarako, hortza listu artean utziko da, hau da, hortzoiaren eta masailaren artean. Ez deshidratatzeko da eta berriz ipini ahal izateko. Bestela, serum fisiologikoan gorde daiteke (gertuen duzun farmazian eros daiteke) edo esne esterilizatuan, eta hobe edalontzia edo ontzia izotzez inguratuta badago

Gertuen duzun dentistarengana joan beharko da azkar, ahal bezain laster jar dezan berriz bere tokian. Mendian edo basoan bazaude zure seme-alabarekin, dentistarenetik urrun, zuk zeuk jar dezakezu berriro bere lekuan. Haurrak ondo garbitu behar du ahoa urarekin eta hortza ere garbitu egingo da iturriko uraren azpian, eskuilatu gabe, itsatsita dauden periodonto-loturaren zelularik ez galtzeko.

Berriz ezartzeak emaitza onak ematen ditu gehienetan, baina hortza azkarrago edo beranduago galtzeko aukera ere badago.

Dentistak erradiografia bat egingo du eta ziur aski antibiotikoren bat aginduko dio haurrari.

Kirol batzuetan, haurrek hortz-babesgarriak eramatea gomendatzen da ahoko traumatismoek eragin ditzaketen ondorioak ekidin edo ahalik eta gehien gutxitzeko.