Deskarga-ferula. Funtzioa eta erabilera

ferula bruxismo

Nahi gabe hortzak estutu eta karraskatzean datza bruxismoa. Hortz-piezak higatzeaz gainera, bestelako gaitzak ere eragin ditzake, muskulatura minbera geratzen delako denbora guztian estutzen egoteagatik. Oso ohikoa da, besteak beste, zefalea edo buruko eta lepoko mina izatea, hortzetakoa edo artikulazioetakoa (belarriko minekin nahasten dira).

Hain zuzen ere, ondoriorik ohikoena da ATM patologia edo artikulazio tenporomandibalarreko (masailezur eta garezurraren arteko artikulazioan) arazoak izatea. Artikulazio hori belarriaren aurrean dago eta belarriko ondoez edo minarekin nahasten da askotan.

Artikulazioak min eman dezake bat-batean, batik bat goizean esnatzerakoan, baita belarriaren aurrealdea hatzarekin estutzean edo ahoa ireki edo ixtean ere.

Oso garrantzitsua da bruxismoa garaiz diagnostikatzea; pazientea zenbat eta azkarrago tratatu, orduan eta gutxiago higatuko direlako hortzak eta artikulazioak, eta ondorioz, min gutxiago izango duelako.

Kontuan izan behar da bruxismoa areagotu egiten dela estresarekin eta antsietatearekin edo tentsio emozionalarekin. Askotan ATM arazoak egoera konplexuetan agertzen dira lehen aldiz, adibidez, azterketetan, lan-gainkarga dugunean, familia-arazoak, etab.

Beste batzuetan, berriz, pertsona bruxista izanik, bere kabuz agertzen dira min-arazoak edo artikulazioa irekitzeko edo ixteko arazoak momentu jakin batean.

Hortzen ikuspuntutik, tratamendu kontserbatzaile oso eraginkor bat dago bruxismorako: deskarga-ferulak.

Patologia gogorra denean eta deskarga-ferularekin ere hobetu ez denean, bruxismo eta ATM patologia tratatzeko baliteke hainbat espezialisten parte-hartzea behar izatea, hala nola, dentistena, fisioterapeutena, neurologoena eta psikologoena.

Nolakoa da deskarga-ferula?

Ferula pertsonalizatua izaten da, hau da, neurrira egiten da, material akrilikoaz. Gauetan erabiltzen da, lo egiten den bitartean.

Gardena da, 2 edo 3 milimetro arteko lodiera du, eta hortz-arkuetako batean ipintzen da (normalean, goikoan), hortzek elkarrekin talkarik egin ez dezaten.

Horrela, hortzak karraskatzean, esmaltea higatu ordez, ferularen erretxina higatuko da pixkanaka eta, ondorioz, gure hortzak babestuta egongo dira.

Gainera, hortzak estutzerakoan, masailezurra garezurraren kontra ere estutzen dugu, hau da, artikulazio tenporomandibularra edo ATM deritzona sufriarazten dugu. Hortzen artean ferula eramanez gero, masailezurrak ez du garezurraren kontra egingo. Artikulazioa deskargatu egingo da; ez da txikituko, ez da higatuko. ATMak dagoeneko arazoak izanez gero, ferularekin ez da minik izango gauean hortzak karraskatzen ditugunean.

Zertarako da deskarga-ferula?

Ferulak ezin hobeak dira hortzak higatzea ekiditeko, artikulazioa babesteko eta muskulatura erlaxatzeko. Gainera, emaitzak lehenengo egunetik nabarmentzen dira, minak desagertzen direlako hortzetan edo buruan.

Artikulazio tenporomandibularra ere berezko posizioan uzten du baita ere.

Oro har, horrekin guztiarekin gehiago lo egin eta hobeto deskantsatuko dugu.

Deskarga-ferularen zaintza

Kontu handiz ipini behar da deskarga-ferula. Leun-leun ipini behar da hatzekin eutsiz, eta ondo ipini dugula egiaztatu behar da kosk egin baino lehen.

Kentzeko, bi aldetatik tira egingo da eta ondoren, iturriko urez garbitu eta minutu batzuetan baso bat uretan ipiniko dugu pastilla eferbeszente erdi batekin, edonolako hortz- eta ortodontzia-aparatuak garbitzeko erabiltzen den horietako batekin.

Gero, plastikozko kaxa berezi batean gordeko da. Kaxak zulotxoak ditu, airea sartu eta irten eta ferula lehortzen uzteko. Garrantzitsua da behar bezala garbitzea, bestela, ahoan zapore txarra izan dezakegu.

Gure Donostiako Hortz Klinikan gomendatzen dugun moduan, behin ohetik altxatu eta bainugelara joaten garenean, utzi ferula pastillarekin garbitzen gosaldu edo dutxatzen garen bitartean. Gero, kaxatxoan uztea komeni da eta kaxa ohearen ondoko mahaitxoan; horrela, ohera joan eta ferula jartzea ahaztu bazaigu, gogoratzerako eskuetan izango dugulako.

Paziente gehienek aste bete baino gutxiago behar dute ohitura hori hartzeko eta gauero ipintzera ohitzen dira, beren hortzak eta ATMa babesten dutela erraz konturatzen direlako.