Bruxismoaren kausak eta ondorioak

bruxismo-donostia

Goiko hortzak behekoekin karraskatzeko eta, ondorioz, higatzeko ohiturari esaten zaio bruxismo. Patologia neuromuskularra da. Tentsio-uneetan eta batik bat lo egiterakoan, mastekatze-muskuluak uzkurtu egiten dira, bereziki muskulu maseteroak.

Hainbat higatze-mugimendu egiten dira, hainbat norabidetan. Beraz, hortzak higatzeko modu ugari daude. Batzuk aurrealdeko hortzak higatzen dituzte, hau da, ebakortzak eta letaginak; beste batzuk atzealdeko haginak higatzen dituzte, eta beste batzuk hortz guztiak.

Higadura-intentsitatea ere oso aldakorra da batzuen eta besteen artean. Baina intentsitate berekoen artean, pazientearen adinak badu zerikusirik: zenbat eta urte gehiago izan pazienteak, orduan eta gehiago higatuko du.  Batzuk izugarri estutzen dituzte hortzak mugitu ere egin gabe; kasu hauetan ez dira hortzak higatzen, baina muskuluetako eta/edo artikulazioetako ondoezak jasaten dira. Ez dira bruxistak; estutzaileak esaten zaie.

Kausak

Bruxismoa inkontzienteki egiten den zerbait da. Bruxista denak hortzak estutuz eta karraskatuz askatzen ditu tentsioak. Batzuetan, pazientea kontsultara heltzen denean, ez da konturatzen egunez nahi gauez hortzak karraskatzen dituenik, baina galdetuz gero, azalduko digu hortzak estutu izanaren eta masailezurreko muskuluak kargatuta izatearen sentipenarekin esnatzen dela. Askotan, familiartekoek edo bikotekideak ere lo egitean zarata ateratzen duela esan izaten diote.

Errutinazko hortz-azterketa batean aurkitzen dira bruxismoaren lehenengo seinaleak.

20 eta 30 urte bitarteko gazteak izan ohi dira. Hortzak nahiko higatuta badituzte dagoeneko, arazo garrantzitsua izan daiteke urteak aurrera joan ahala. Une egokia litzateke deskarga-ferula erabiltzen hasi eta hortz-higadura geldiarazteko.

Hortzak higatzen dituzten haur eta nerabeak ere badira, baina 20 urte izan arte itxaroten da deskarga-ferula ipintzeko, gehiegizko ondorioetan izan ezik. Bruxismoa oso lotuta dago nerbio-tentsioarekin edo estresarekin.

Askotan, masailezurra eta garezurra lotzen dituen Artikulazio Temporo Mandibularrean (ATM) ondoeza sentitzen duelako etortzen da pazientea kontsultara. Artikulazio hau belarriaren aurrean dago eta batzuetan otorrinoak aginduta etortzen dira gugana, pazienteak belarriko minarekin zuelako arazoa. Berez, ordea, hortzak karraskatzeagatik edo estutzeagatik ATM patologiaz ari gara.

Kasu horiek garai zailak ditugunean geratzen dira, adibidez, azterketa-garaian, lanean aldaketak daudenean edo familiako arazoak ditugunean. Beste batzuetan, ordea, poztasunez beteriko garaia bizitzen ari bagara ere, gure inkontzienteak gure hortzak birrintzen ditu.

Ondorioak

Sintomak bruxismoaren intentsitatearen araberakoak dira. Baina tratatzen ez badira hortzak higatu eta lau bihurtuko dira, eta nerbiora gerturatzen doan heinean, hotzarekiko eta beroarekiko sentsibilitatea sortzen da, baita ondoeza sentitu ere mastekatzerakoan.

Hortz lauak ez dira hain eraginkorrak mastekatzeko eta, dimentsio bertikala edo ahoaren altuera murriztean, masailezurrak aurreratzeko joera du eta kokotsa irtena izango dugu. Hortzak nerbioraino higatu daitezke eta orduan hortzetako infekzioak sortzen dira. Ondorioz, pieza batzuk desbitalizatu edo endodontziatu egin behar izaten dira.

Endodontzia egiten zaien piezen egitura ahuldu egiten da, eta indarrez karraskatzen badira hautsi egin daitezke. Horregatik da garrantzitsua babestea deskarga-ferulekin, hortz guztiengan banatuko du eta presioa.

Enpastatutako piezak baditugu, higatzeko indarrak baliteke hortzaren zati bat, enpaste zati bat edo enpaste osoa askaraztea.  Zorro edo koroak daudenean, babesten ez badira eta bruxismoa gogorra bada, askatu egin daitezke eta berriz itsatsi beharko lirateke. Marruskatzean, zeramika kontrako hortzaren esmaltea baino indartsuagoa da eta, horregatik, azken hori higatu egin daiteke. Baliteke portzelanazko geruzaren bat askatzea ere.

Hortzak txiki-txikitatik babestea oso garrantzitsua da, batik bat kasu gogorrenetan, izan ere, hortzak galtzen badira gerora arazoak izan ditzakegu ken daitezkeen aparatuekin edo inplanteekin. Nagusi batzuk ordezko hortzeria eramaten dute, eta hauek bruxistak badira, hortzak oinarritik askatzen zaizkie edo hortzeria pitzatu edo hautsi daiteke. Inplanteen kasuan, bruxismoarekin, inplantea eta meta-zeramikazko koroa lotzen dituen torlojua laxatu eta berriz estutu behar izaten da.

Buruan eta lepoan erlaxazio-masajeak egiten badira eta bizitzaz lasai gozatzen badugu, bruxismoaren ondorioak arinduko dira.

Deskarga-ferulekin arazoak prebenitzea ezinbestekoa da gerora izan ditzakegun arazoak ekiditeko.