estancia-clinica-mayo

Otsailean masailezurraren Sinua Goratzeari buruzko egonaldi klinikoan egon ostean, Bartzelonara itzuli naiz apirilean Hezur-birsorkuntzarako Tekniketan egon diren azken berriak ikusi eta pazienteengan horiek aplikatzeko. Hezurra areagotzeko teknikak ere badira horiek Masailezur Atrofikoko kasuetan, hots, inplanteak ipintzeko behar adina hezur ez dagoenean goiko edo beheko masailezurrean.

Pazienteengan egindako lana Hezur Birsorkuntzarako edo Hezurra Areagotzeko 4 tekniketan oinarritu zen:

  1. Gandor Albeolarra babestea
  2. Urban teknika
  3. Khoury teknika
  4. Gandor Albeolarraren split-a

Gandor Albeolarra babestea. Hortz edo hagin bat atera eta geratzen den hezurra orbaintzerakoan (albeoloa), hezurrak txikitzeko eta estutzeko joera du. Horiek horrela, ateratako piezaren ordez inplante bat ipini nahi dugunean, hezurrak altuera eta zabalera gutxiago dauka.

Halakorik ez gertatzeko, hortza ateratzerakoan, hezur artifizial bat edo pazientearena ipintzen da geratzen den hutsunearen barruan. Hazkuntza-faktoreak edo fibrina ere ipin daiteke.  Ikastaro honetan teknika bat erabili zen: pazientearen ahosabai-hezurraren zilindro bat hartu eta albeoloaren hutsunean ipintzea, inplantearekin batera. Albeoloaren kanpo-hormarik ez dagoenean erabiltzen da teknika hau.

Urban teknika. Teknika honi “Saltxitxa teknika” ere esaten zaio. Hungariako Urban doktoreak asmatu zuen eta masailezurraren atzealdean erabiltzen da hainbat inplante ipintzeko hezurrak behar adina altuera ez duenean. Hezur-birsorkuntza bertikala da, beraz.

Hortzoia ireki eta ondo bereizten da, malgu eta lasai utzita, behean jarriko dugun materiala (saltxitxa forma izango du) inguratu ahal izateko moduan. Inplanteak ipintzerakoan, bizpahiru bira agerian utziko dira. Pazientearen hezur-hautsez inguratzen dira aipatu birak (karrasgailu makur baten laguntzaz, pazientearen masailezur atzealdetik eta albotik karraskatuz lortuko da hezur-hautsa). Biomateriala duten hazkuntza-faktore kroketa bat ipiniko da gainean.

Horren guztiaren gainetik, iraupen luzeko zuntz bat jarriko da, txintxetekin finkatuta, eta, kanpin-denda baten antzera, hagak inplanteak izango dira. Hurrengo geruza fibrina-zuntz bat izango da. Bertan, hortzoia josi eta lasaierarekin geratuko da. Inplanteek 9 hilabetez egon behar dute kargarik gabe, hau da, kororik ipini gabe edo jateko ken daitezkeen aparatuak erabili gabe. Baliteke parestesia edo inurridura sentitzea denbora batez. Teknika konplexua eta nekeza da, eta inplante motzak direnean ez erabiltzen saiatzen gara.

Khoury teknika. 3Dko hezur-birsorkuntzarako teknika bat da. Münster-eko Unibertsitateko Khoury doktoreak sortu zuen, eta masailezurraren atzealdeko hezurraren altuera eta zabalera areagotzeko kasuetarako erabiltzen da hainbat inplante jarri nahi direnean. Pazienteari hezur-lamina karratu bat aterako zaio, kanpoaldeko masailezur-angelukoa. Aipatu laminak hainbat mm izan behar ditu lodieran, eta bitan zatitzen da forma sagitalean, bi hezur-lamina karratu lortzeko.

Lamina horiekin hezur partikulaturako kofratze bat egingo da: bi laminak torlojutu egingo dira inplantea ipini nahi dugun albeoloaren bi hezur-hormen kanpoaldetik, eta aipatu hezur-hormak baino altuagoak geratuko dira. Eta barruan, laminen artean, birsortze-materiala ipiniko dugu, alegia, normalean hezurra karraskatuz lortutako hezur autologoaren eta hazkuntza-faktoredun biomaterialaren nahasketa bat. 6 hilabete eta urte bete bitartean itxaron ostean, berriz irekiko da eta inplanteak jarriko dira. Inplante oso motzak jarri ezin direnean erabiltzen da teknika hau.

Gandor albeolarraren split-a. Ebakuntza ohikoena da, eta masailezurrerako erabiltzen da bereziki, inplante bat edo gehiago jarri nahi ditugunean, hezurrak behar adina altuera izanik ere, hezur-gandorra oso estua denean. Hortzoia ireki ostean, ebaketa sagitala egingo

da hezur-gandorrean, deskarga mesial eta distalekin, ez oso luzeak, ezta oso sakonak ere. Ogi-opila horizontalean pixka bat irekitzea bezala litzateke, barruan txistorra-zati bat edo batzuk ipintzeko bertikalean.

Bi lamina erdi-irekien artean, zabalgailu batzuk sartuko dira, gero eta zabalagoak, inplanteak ipiniko diren zirrikitua zabaltzeko. Inplanteen artean hazkuntza-faktoreak ipiniko dira betegarri moduan. Kanpoko lamina da lekualdatuko dena, barrukora lotzen dena finkoa delako (bi torlojuekin dago lotuta). Fibrina-zuntz batekin inguratzen da guztia fresatzearen bidez lortu diren hezur-partikulekin. Garrantzitsua da hortzoia tentsio gabe jostea. Inplanteak hezurrean integratzeko, 6 hilabete eta urte bete bitartean itxaron behar da.