curso-rehabilitación-protésica

 

Protesi-errehabilitaziorako diagnostiko funtzionalari buruzko Ikastaroa Mas doktoreak eman zuen 2016ko irailaren 29an. Hortz Protesiaren Errehabilitazioa egitean, arnasketak, mastekatzeak eta irensteak dituzten funtzioak izan ziren ikastaroaren mintzagai nagusi.

Aipatu errehabilitazioa egingo da:

  • Portzelanazko xaflak edo koroak ipintzen ditugunean ahoko alde batetik bestera.
  • Inplanteen gainean koroak ipintzen ditugunean eskuinetik ezkerrera.
  • Inplanteen gainean gainhortzeria ipintzen denean goiko eta/edo beheko aldean.
  • Ohiko hortzeria osoak ipintzen direnean goiko eta/edo beheko aldean.

Arnasketa-, irenste- edo mastekatze-funtzio patologikoren bat badago, protesiek arazo ugari izan ditzakete egokitze-aldian, mugitu, hautsi edo higatu egin daitezkeelako.

Protesi errehabilitazioa egin baino lehenago, aspektu hauek hartu beharko dira kontuan, funtzio patologikorik dagoen adieraziko digutelako.

Ahoko esplorazioa

  • Piezak falta badira, hortzak mugitu egiten dira, inklinatu, biratu edo estruitu, eta horren ondorioz ahoa egoera berrira egokitu behar da, hots, posizioa eta hozkada aldatu egingo dira. Masailezurra oreka gehiago duen posizio batera ipintzen saiatzen bada, baliteke hortzak higatzea edo bruxismoa pairatzea, eta garezurrarekin elkar ukitzeko modua aldatzean, ATM patologiaren bat egon liteke (mina mastekatzean, buruko minak edo click-ak).
  • Hortzak higatuta daudenean, bruxismoa egongo da goiko eta beheko higadurak bateragarriak badira. Bestela, korrosio kimikoagatik higa daitezke, adibidez, gorakoengatik (anorexia edo bulimia), urdail-fluxuengatik edo edari azido gehiegi edateagatik.
  • Kontuan hartuko da zein hortz dauden higatuen, aurrealdekoak, atzealdekoak, alde batekoak edo bestekoak, horrela, bruxismoaren mugimendu mota zehaztu ahal izango dugu eta.

Aurpegiko esplorazioa

  • Masail tenkatuak eta lodiak, maseteroak hipertrofiatuta daudelako izan daitezke, eta, beraz, bruxismoa izango da kausa.
  • Ezpain-desgaitasuna, ezpainak egoera lasaian elkar ukitzen ez dutenean da. Horrek esan nahi du, besteak beste, ahotik arnasten dela, ahosabai estua dagoela eta ahoa ez dela behar adina ixten edo ez dela behar bezala kosk egiten. Sudurretik zergatik arnasten ez den aztertu eta irtenbideak aurkitu behar dira, adibidez, desbideratuta dagoen sudur-trenkada zuzendu edo sudur-zuloak buxatzen dituzten begetazioak kendu.
  • Gainera, funtzioak berriz hezi behar dira, logopeda edo fisioterapeuta baten laguntzaz, ahotik arnastu ordez sudurretik arnasa nola hartu ikasteko. Orduan bai egin ahal izango da protesi-errehabilitazio bat. Askotan, beharrezkoa da aurrez ortodontzia-tratamendu bat egitea.

Esplorazio neuromuskularra

Funtzio-asaldurak pazientea aztertu eta haztapenak eginez hautematen ikasi behar dugu.

Masailezurrak posizio txarra badu, arnasketa eta irensteko funtzioetan izan dezake eragina, aurpegiaren forman eta gorputz-enborrarekiko buruak duen posizioan.

  • Aurpegia luzanga bada eta ezpainak bereizi badaude egoera lasaian, ahotik arnasten da.
  • Burua aurrerantz inklinatuta badago, ahoko arnasketa errazteko izan ohi da. Kasu horietan lepaornoetan eragin dezake, mina, muskuluetako tentsioa edo zorabioak sortuz.
  • Lepoko muskuluak haztatu behar dira, baita masailezurreko maseteroak ere, garezurreko tenporalak, bruxismorik dagoen egiaztatzeko eta min ematen duten edo ez jakiteko. Mina badago, muskuluek hiperaktibitatea jasaten dutela esan nahi du.
  • Kontuan izan behar da, garezurraren eta lepaornoen arteko lotura ona ez bada, eragina izango duela baita ere garezurrak masailezurrarekiko duen loturan ere. Hau da, bizkarrezurreko patologiak garezurraren eta masailezurraren arteko loturan izan dezake eragina, eta beraz, baita hozkadan ere.

Bruxismoa sorrarazten duten mekanismoak

  • Hortzaren barruan dauden nerbio bukaerek elikagaien hotza edo beroa hautemateaz gainera, hortzek bata bestearen kontra egiten duten presioa helarazten dute garunera. Horiek horrela, itxita daudenean, hau da, hozkada itxia dagoenean, hortzak batzuk besteekin ondo ahokatuta daudela hautematen du, posizio onean daudela.
  • Nerbio-sistema zentralak lotura horiek kudeatu eta alboetako muskulu pterigoideei lerrokatzeko eta beheko masailezurra goiko masailezurrarekiko orekatzeko agindua bidaltzen du. Orduan, muskulu jasotzaileek eta depresoreek ekin eta ahalik eta interkuspidazio gehien sorrarazten dute, hau da, mastekatzeko gainazalen artean ahalik eta kontaktu gehien izaten dute. Horrela, masailezurraren posizioa garezurrean gordetzen da betirako.
  • Masailezurraren posizioan hainbat aldaketa eragin daitezke hortzeria-posizioan aldaketak badaude, hortzak ateratzen badira edo hortz-berregiteak ez badira ondo egiten. Hala, mastekatzen denean, hortzeriak posizio eroso bat bilatzen du bere funtzioa betetzeko, eta behar izanez gero, gehienezko interkuspidazio edo kontaktuaren bidean oztopo diren hortzak higatzen dira: bruxismoa sortzen da.
  • Gainera, masailezurra eta garezurra ez badira posizio egokian artikulatzen, ATMan mina egon liteke, batik bat bruxismoa badago.
  • Bestalde, sudurretik arnastu ezinik, ahotik arnasten denean, ahosabai-errezelak bibratu egin dezake batzuetan, hots, zurrunka egin daiteke, eta horrek oxigenazio falta edo aldizkako hipoxia dakar. Horren guztiaren ondorioz, nerbio-sistema sinpatikoaren hiperaktibitatea eragiten da eta mastekatze-muskuluek lan gehiago egin behar izaten dute; ondorioz, bruxismoa sortu eta hortzak higatzen dira.

Masailezurraren eta hortzen posizioa errehabilitazio berrian.

  • Behar bezala orekatuta eta masailezurra posizio egokian egon behar da. Lotura Zentrikoa delakoan egin behar da, posizio muskulu-eskeletiko egonkorra izaki. Muskuluan erlaxatuta daudenean jazotzen da, tentsiorik gabe.
  • Hortzen gailurrak ondo egon behar dira markatuta (ildoen arteko goraguneak) elkarrekin ondo eta beren lekuan ahokatzeko, goikoak behekoekin. Aurreko haginak eta haginak lauak badira, hainbat posiziotan ahokatuko dira eta garezurrak ez du jakingo non jarri masailezurra.
  • Inplanteen gaineko errehabilitazioa bada, hobe da hortzak inplanteetan torlojuz lotuta egotea, zementatutako protesi bat egin ordez. Protesia torlojuz lotuta badago eta ixterakoan gainkarga jasaten bada, lotzeko torlojua laxatu egingo da, inplanteari gainkargarik ez eragiteko, hautsi eta hezurra asko galduko litzatekeelako.
  • Protesi-errehabilitazio on baten helburua estetikoa eta mastekatze-funtzio on bat izateaz gainera, muskulu-jarduerarik ez egotea da (bruxismoa) lo egiterakoan edo lasai gaudenean.