Blanqueamiento-dental-sonrisa

Hortzak zuritzearen inguruan eguneratzeko ikastaro batera joan nintzen 2018ko irailaren 14an Gipuzkoako Dentisten Elkargora. Ikastaroa Valentziako Unibertsitateko irakasle José Amengual Lorenzo doktoreak eman zuen. Ikastarora joatea interesatzen zitzaidan Amengual doktorea Hortz Zuritzeari buruzko ikastaro eta konferentzietako irakaslea delako maila nazional zein nazioartekoan. Gainera, ikerketa-lan ugari egin ditu produktu eta prozedura zuritzaileei buruz, eta hainbat liburu ere idatzi ditu gaiaren inguruan. Espero nuen bezain positiboa izan zen, Amengual doktoreak azken nobedadeez hitz egin baitzuen, hain zuzen ere, gai hauei buruz:

  • Hortz dekolorazio motak, jatorriaren diagnostikoa eta dagokion tratamendua. Hortz guztien zuritze estetikorako azaleratik jarduten da; horregatik, deitzen zaio kanpoko zuritzea edo zuritze bitala, hortzek ez dutelako zertan desbitalizatuta egon edo endodontzia egin zaienak izan. Teknika horri “Hortzak argitzea” deitu beharko genioke. Pazienteak hortz guztietan zuri uniforme bat nahi badu, baliteke portzelanazko xaflak izatea aukerarik aproposena. Barne-zuritzea deritzona, berriz, hortz desbitalizatu bat edo batzuk ilun daudenean egiten da, hots, barrutik zuritu nahi ditugunean.
  • Agente Zuritzaile motak (hidrogeno peroxidoa, karbamida peroxidoa, sodio perboratoa) eta horien kontzentrazio-mailak, hortz-motaren eta jasan duen dekolorazioaren araberakoak.
  • Zuritu baino lehenago hortzek zituzten osasun-baldintzak: ez da enpastatu gabeko txantxarrik izan behar, ezta gingibitis edo periodontitis aktiborik ere. Ezingo da zuritzerik egin hortzak eskuilatzean odola ateratzen bada.
  • Kolorea zehaztea gidekin, argazkiekin, bideoekin eta kolorea neurtzeko gailu elektronikoekin.
  • Zuritzearen ondorioz eragin litezkeen ondoezak, adibidez, hotz eta beroarekiko sentsibilitatea edo hortzoien inflamazioa, eta horiek nola txikiagotu edo ekidin.
  • Teknika-motak kanpo- zein barne-zuritzerako