sonrisa-dientes

Edalontzi bateko ura mahai gainean erortzean baino azkarrago zabaltzen diren mitoak izan badaude. Ahoz ahokoak halakoak hedatzen laguntzen du, nola ez, baina gaur egun Interneten daude gezur gehienak, gero eta gehiago, entzun eta sinestera ere iritsi gaitezkeenak.

Redacción Médica egunkariak argitaratutako artikulu batek zioen osasun-zentroetara joaten diren pazienteen erdiak baino gehiagok bere osasun-egoerari buruzko informazioa bilatu izan duela aurrez Interneten.

Ohikoa da zalantzak izan eta kontsulta bat nahi izatea, bai; adibidez, hortzoietatik odola ateratzen bazaigu, hortzetan sentsibilitatea izanez gero edo orbanen bat agertzen bada gure hortzetan. Arazoa ez da galdetzea, baizik eta erantzunak okerreko iturrietan bilatzea.

Interneten informazioa iragazten ikasi behar dugu. Horregatik, gaurkoan hortzei buruzko mito batzuk dakarzkizuegu, gehien entzuten direnetako batzuk.

 

“Limoia erabili daiteke hortzak zuritzeko”

Argi eta garbi utzi nahi dugu hasieratik baieztapen hau, faltsua izateaz gainera, oso arriskutsua ere badela.

Youtube, Instagram eta TikTok sare sozialetan, bideo ugaritan ikusi ditzakegu “Youtuber”-ak hortzak garbitzen bikarbonato eta limoi nahasketa batekin, eta amaitzean hortz zuriak lortzen dituzte “mirariz”. Ba al dakizu zergatik gertatzen den hori? Limoia elikagai oso azidoa izaki, oro har, esmaltea ahuldu eta desegin egiten duelako. Horregatik dirudite hortzek zuriago berehala.

Baina azidoak esmaltean eragiten duen higadura irregularra da, eta gainera bikarbonatoak marra sakonak egiten ditu. Eta zerbait iluna jan bezain pronto, hortzak berriz zikinduko dira, baina sakonago, hots, bikarbonatoak sortutako hutsuneetan eta azidoak eragindako irregulartasunen barruan.

Epe luzera, etxean limoi edo ikatz aktiboarekin (asko ikusten da baita ere sare sozialetan) hortzak zuritzen saiatzen bagara, hortzak higatu besterik ez ditugu egingo, eta gainera, sentsibilitatea agertuko da.

Horrelako edukia sortzen duten mikroinfluencer-ek oso mezu arriskutsua bidaltzen ari diete harpideei. Beraz, gogoratu: zure hortzak modu seguru eta profesionalean zuritu nahi badituzu… Joan dentistarengana!

 

“Normala da hortzoietatik odola noizean behin ateratzea”

encias-sangre

Baliteke ohikoa izatea zuretzat hortzak eskuilatzean odol-haritxo bat ateratzea, baina jakin behar duzu, gehiegi larritu behar ez baduzu ere, ez dela zerbait normala. Hortzoi osasuntsuetatik ez da odola ateratzen. Hortzak eskuilatzen ari zarela hortzoietatik odola badario, zerbait behar bezala ez doala esaten ari zaizu zure ahoa.

Eskuilatzean hortzoietako odol-galera hautematea gaixotasun periodontalen sintoma ohikoena da, oro har, lertzoa eta plaka bakterianoa pilatu izanagatik. Patologiaren lehenengo faseetan arrisku handirik ez badago ere osasunerako, sintoma horiek kontuan hartu behar dira, plaka metatu eta ehunak kaltetzen jarraitzen bada, ondorioak askoz ere handiagoak izango dira eta.

Hortzoietatik noizean behin odola badario, joan dentistarengana egoera aztertu eta irtenbide bat emateko.

Informazio gehiago gaixotasun periodontalarilari buruz

 

“Jaioberriek ezin dute txantxarrik izan”

“Biberoi-txantxarra” edo arrapala-txantxarra delakoa existitzen dela jakitearekin soilik, konturatuko gara baieztapen hau mito bat dela. Esnezko hortzetan txantxarrak ager daitezke, jaioberriak denbora luzez egoten badira biberoia ahoan dutela edo txupetea azukrea edo eztia bezalako substantziekin bustitzen bada jaioberria lasaitu nahi delako.

Ba al zenekien dentistarengana egiten den lehenengo bisita lehenengo urtean egitea gomendatzen dela?

Eta hori bai ez dela mito bat! Odontopediatria espezialitateak haur eta jaioberrien aho osasuna aztertzen du, eta maloklusioak sortzen dituzten ohiturak hauteman eta hortzak behar bezala azaleratzen direla kontrolatzen da.

 

“Hortzak egunean hiru aldiz eskuilatu behar dira”

cepillo-dientes

Sinetsi edo ez, mito bat da! Egia esan hortzen eta aho-osasunaren inguruko mito zabalduenetariko bat da, agian erdi-egia delako. Esan ohi da egunean 3 aldiz eskuilatu behar direla hortzak, baina berez garrantzitsuena da hortzak elikagaien bat jan ondoren beti eskuilatzea plaka metatu ez dadin. Eta onena ahal bezain pronto garbitzea da, minutu gehiegi itxaron gabe.

Jan ondorengo minutuetan, ahoko pH naturala azidotuz joaten da bakterioek elikagaietan lanean dihardutelako. Horiek horrela, azidoek esmaltea kaltetu eta ahuldu egiten dute. Beraz, zenbat eta denbora gehiago itxaron eskuilatzeko, azidoek orduan eta efektu gehiago eragingo dute, eta are azkarrago sortuko da txantxarra.

Aholku bat? Bidaiarako eskuila bat soinean eramatea beti edo lantokian bat izatea. Horrela, presaka bazabiltza ere, ez duzu zertan zure hortz higieneaz ahaztu!

 

“Nahikoa da egunean 3 aldiz eskuilatzea hortzak”

Ez da egia, eta ez egunean 3 aldiz eskuilatzea ez delako nahikoa, baizik eta eskuilatzea ez delako gure aho-osasuna zaintzeko modu bakarra. Aho- eta hortz-higiene ohitura ona izateko, ezinbestekoa da hortzetako haria eta kolutorioa bezalako tresnak erabiltzea, hortz eta hortzoien tartean geratzen diren elikagai-hondarrak kendu eta ehunak egoera onean mantentzen laguntzen baitigute.

Beraz, dentistarengana gutxienez urtean behin joan behar da. Aho- eta hortz-higiene oso ona baduzu ere, zure ahoaren osasunean eragina izan dezaketen beste faktore batzuk ere badaude, genetika eta elikadura kasu. Aldizka azterketa batzuk egiten badira, dentistak   egiaztatu ahal izango du zure aho- eta hortz-osasuna egoera onean dagoela eta ez duzula  ezertaz kezkatu behar.

 

Hauek dira Interneten aurki ditzakezun hortz- eta aho-osasunari buruzko mito ugarietako batzuk. Osasunari buruz zerbait irakurtzen duzun bakoitzean, zentzuzko ariketa bat egitea gomendatzen dizugu. Hautatu iturri fidagarriak eta kontrastatu informazioa hainbat webguneetan. Eta ahoko osasunari buruzko zalantza jakin bat izanez gero, kontsultatu zure dentistarekin. Horretarako daude ahoa zaintzen diguten adituak!

Idatzi edo deitu iezaguzu dentista baten bila bazabiltza Donostian.