escudo-alveolar

BTI inplante-etxeak emandako ikastaro berri honetan, Ezkutu Albeolarra edo Socket Shield izeneko teknikari buruz hitz egin genuen eta, bereziki, teknika honekin behin-behineko, edo behin betiko, hortz-protesi on bat egiteko baldintzei buruz.

Socket Shield teknika deritzo hortz baten sustraiaren zati bat atera eta aldi berean inplantea ipintzeari. Filipe Lopes irakasleak adierazitakoaren arabera, teknika berri zein polemiko hau duela 6-10 bat urte erabiltzen da, eta ikerketa ugari egin dira horren inguruan.

Hortza ateratzerakoan, sustrai-xafla fin bat uzten da bestibulatzeke, hau da, kanpoko hezurraren barruan, hortza atera ondoren geratzen den hutsunearen zabalera mantentzeko. Badirudi modu horretan hortza atera ostean hezur gutxiago galtzen dela. Hizlariaren hitzetan teknika horrek “bizia aldatu zion”.

Bereziki aurreko haginetan erabiltzen da, goikoetan edo behekoetan.

 ONE prozedura

procedimiento-one

Funtsezkoa da sustraia ongi eta guztiz moztea, garbi bereiziz atera behar dugun barruko zatia eta hezurrari itsatsita geratuko den kanpoaldea (ezkutua). Sustraia mozterakoan, kontuan izan behar da hortza ateratzerakoan eta ondoren, sustrai-ezkutua ezingo dela inolaz ere mugitu. Mugitzen bada, sustrai guztia atera beharko da, eta ohiko teknikari jarraitu.

– Sustrai-ezkutua barrutik fresatuko da xafla fina eta laua izan dadin.

Neoalbeoloa, hau da, inplantea hariztatzeko egiten dugun hutsunea, sakon eta barrurantz (ahosabai eta mihirantz) fresatu behar da, sustraiaren beste alderdirik ukitu gabe. Inplantea bikain finkatu behar da, hau da, primerako egonkortasun mekanikoa izan behar da.

– Inplanteari UNIT zutabe bat lotuko zaio torlojuz 35 newton-etara, eta betirako geratuko zaio lotuta. Silikonazko inprimatze bat egingo dugu koro edo behin-behineko hortza egiteko eta, bizpahiru egun beharko direnez horretarako, orbaintze-zutabe bat ipiniko dugu hortzoia itxi ez dadin eta forma egokia har dezan.

Inplantearen eta sustrai-xaflaren artean tarte txiki bat geratuko denez (gap ere esaten zaio), hazkuntza-faktoreekin eta fresatzerakoan lortu ditugun hezur-zati txikiekin beteko da.

– Gaur egun, koroa CAD-CAM teknikarekin egiten da; zehaztasun handia du. Horregatik, behin-behineko koro bat egin ordez, batzuetan zuzenean behin betiko koro bat egiten da shocket shield teknikarekin hezurrak eta hortzoiak gutxieneko aldaketak jasaten dituztelako, argitaratu diren artikuluen arabera.

– Kirurgia egin eta hiru egunetara, behin-behineko koroa ipiniko da, edo batzuetan behin betikoa, 20 Nw-etara.

Nire ustez, oraindik ez dugu behar adina ikuspegi zabal horrelako kasuek aurrera nola egiten duten zehatz-mehatz ikusteko eta jakiteko zer gertatuko den inplanteari itsatsita utzi dugun sustraiarekin eta ondoko hezurrarekin. Pena izugarria litzateke gero hezurra galdu eta inplantea agerian geratzea.