Zergatik aukeratu zenuen estomatologia?

Txikia nintzenetik gustuko nuelako. Txikitan maiz joaten nintzen dentistarengana, aho nahiko makala nuelako. Gainera, bakarrik joaten nintzen, nire amak ez zuelako itxarongelan bi orduz itxaron nahi, hala izan ohi zen garai haietan eta.

Dentista eta erizaina oso jatorrak ziren eta zera esaten zidaten: “Bakarrik etorri al zara? ¡zein handia zaren!”. Nik ez nuen inolako beldurrik.

Non ikasi zenuen?

Medikuntza ikasketak Salamancan hasi nituen. Bertan egin nituen ikasturte aurreklinikoak, 1.mailatik 3.era. Gero, Donostian hasi ziren ikastaro klinikoak ematen, eta 4. mailatik 6. mailara Erietxean izan nintzen, hau da, egungo Donostiako Unibertsitate Ospitalean.

Eta dentista izateko, Estomatologia espezialitatea Toulousen egin nuen, Frantzian, frantsesez hitz egiten txikitandik nekielako.

Toulousen Kirurgia eta Ortodontzian sakontzen zen gehien, eta niri gai horiek oso garrantzitsuak iruditzen zitzaizkidan ahoaren tratamendu osoa egin ahal izateko kontsultan.

Betidanik nahi izan al zenuen mediku?

14 urte nituenetik. Orduan joan nintzen, hain zuzen ere, Toulousera hizkuntza perfekzionatzera. Akademi batetara joan nintzen frantseseko eskola partikularretarako, eta bertan medikuntzako 1. mailako ikasleak zeuden (Frantzian, hautazkoa zen 2. mailan hasteko).

Egun batean, patuak niretzako lekurik ez izatea erabaki zuen halabeharrez. Itxaroten nuen bitartean, Medikuntza ikastaroak ematen zituen ikasgela batera bidali ninduten. Izugarri gustatu zitzaidan entzuten nuena eta mediku-kontsultekiko nuen interesarekin, Medikuntza ikasiko nuela erabaki nuen.

Nolakoa izan zen zure ibilbide profesionala?

Oso oroitzapen onak ditut. Ordu askoz egiten nuen lan; goizetan anbulatorio batera joaten nintzen: 30 paziente ikusten genituen 2 ordu eta erdian zehar. Arratsaldean, nire kontsulta pribatuan egiten nuen lan gaueko 10ak arte. Gainera, larunbatetan ere lan egiten nuen, goizez eta arratsaldez.

Orain baino txantxar gehiago tratatzen ziren; jendeak ez zuen orain bezain beste ahoa zaintzen. Gehienak ondoeza edo mina sentitzen zutenean etortzen ziren kontsultara.

Hortz-inplanteak ez zeudenez, kendu eta jar zitezkeen aparatu asko ipintzen ziren. Garai hartan, estetikari, nahiz eta beti garrantzitsua izan den, ez zitzaion ematen orain ematen zaion lehentasuna.

Gaur egun, zorionez, hortz estetikari mastekatzeko funtzioari bezain beste garrantzi ematen zaio.

Gainera, orain prebentzioak funtsezko lana betetzen du hortz-klinikaren egunerokoan, jendea askoz motibatuta baitago osasunaren zaintzarekiko.

Asko aldatu al da mediku eta pazientearen arteko harremana ibilbide honi ekin zenionetik?

Egia esan, ez asko. Aldaketaren bat egon zen nire belaunaldia lanean hasi zenean; aurreko garaietako gehienak baino hurbilagokoak ginela esaten ziguten. Ondorioz, medikuentzako ere askoz atseginagoa zen pazienteekiko tratua.

Gaur egun, osasun-kultura gehiago dugunez, errazagoa da dauden tratamenduak azaltzea eta, beraz, hobeto betetzen dituzte agintzen zaizkien pauso edo indikazioak.

Nola hasi zinen inplantologiarekin?

Modu naturalean, teknika aurrera zihoan heinean erabiltzen hasi nintzen. Miragarria zen ken zitezkeen aparatuak kendu eta hortz finkoak ipintzea. Pozgarria zen bai niretzat, bai pazienteentzat.

Duela hogei urte hortz finkoak hasi nintzen ipintzen inplanteen gainean.

Hasieran, konfiantzazko kirurgialari batek egin zezan eskatzen zuten. Handik gutxira, inplanteak hobetu eta hezurrari hobetu atxikitzen zirenean, eta Toulousen prestakuntza kirurgiko ona jaso nuenez, inplanteen kirurgia ni neu hasi nintzen egiten. Horrela, nik kontrolatu ahal nuen prozesu osoa, hasieratik amaierara arte.

Eta ortodontziarekin?

Toulousen ortodontzia ikasi nuen, batik bat ken zitekeena, eta Monakon, ortodontzia finkoa. Teknika nahiko konplexua eta geldoa zen.

Arku zuzenaren teknikari esker tratamenduak sinplifikatu eta hobetu ziren, eta Santa Monica-ko (Kalifornia) Mcgann doktorearekin kasu asko aztertu eta horietan lan egin ondoren, nire kontsultara zetozen heldu eta haurren tratamenduetan barne hartu nuen ortodontzia.

Zure espezialitatean, zein prebentzio-motari emango zenioke garrantzi gehien?

Oinarrizkoa eta bistakoa badirudi ere, hortzak nahiz hortzoiak eskuilatzeari. Egunean 3 aldiz eskuilatu behar ditugu hortzak, eta gero teknika eta higiene-produktuak paziente bakoitzari egokitu behar zaizkio adinaren, aho-motaren eta dituen patologien arabera, besteak beste.

Prebentzioaren beste oinarria kontsultan urtero egin behar den azterketa da.

Norantz doa espezialitate honetako etorkizuna?

Mastekatzeko funtzioa eta estetika hobetzerantz. Erabiltzen ditugun materialak biologikoki gero eta bateragarriagoak dira gure gorputzarekin eta estetikaren helburua hortzerian urteek aurrera egiten dutela ez nabarmentzea da.

Etorkizunean, zoritxarrez hortzen bat galtzen bada, hortz-germen bat edo hortz-enbrioi bat ezarriko dugu eta haur eta nerabeei hazten zaizkiela bezala haziko da.

Zertan aldatu da kirurgia?

Egun kirurgia ez da garai batean bezain traumatikoa. Inplanteak izugarri hobetu dira eta inplante motz edo estuak ipin ditzakegu, hortzera oso ondo atxikitzen direlako.

Horri esker, ez da hezurra gorputzeko beste leku batzuetatik hartu eta birsortu behar, duela gutxi arte egiten zen moduan.

Gainera, izugarri hartzen da kontuan estetika. Horregatik, hortzaren inguruko hortzoia ondo geratzea da helburu inplante-kirurgia baten ostean edo sendatzeko diren beste kirurgia batzuetan.

Ebakuntzak eskanerra eta 3D irudiak erabiliz prestatzen ditugunez, ebakuntzari ekiten diogunean badakigu zehatz-mehatz zer aurkituko dugun eta ahalik eta gutxien esku hartzen da, erabaki den lekuan baino ez.  Horrela, gutxieneko ebakuntza-osteko ondoezak pairatzen dira eta askoz eramangarriagoa da.

Zein proiektu profesional duzu etorkizunerako?

Aurrera egin eta ikasten jarraitzea bai teknika berriak, bai inplanteen kirurgiakoak eta ortodontziakoak, bai periodontzia eta odontologia orokorrekoak.

Kasuen diagnostikoetarako eta planifikaziorako eta horietarako ebakuntzak eta protesiak egiteko erabiltzen diren 3D teknologia berriek interesgarri eta zirraragarri egiten dute gure lanbidea.

Azkenik, mediku izango ez bazina, zein lanbide aukeratuko zenuke?

Etorkizunerantz aurrera egin ordez, norabidea aldatu eta iraganerantz egingo nuke aurrera (edo atzera), hau da, arkeologo izango nintzateke.