comunicacion-odontologia

Oso interesgarria iruditu zitzaidan dentista eta hortz-protesigile batek elkarrekin eman zuten hitzaldia gure tratamenduak 3Dtan planifikatzeko dauden CAD-CAM teknologia berriei buruz. Gure kontsultan ​masailezur-eskanerra erabiltzen dugu inplante-kirurgia kasu guztiak aztertu eta planifikatzeko. Judizioko hagin batzuk ateratzeko ere batzuetan erabiltzen ditugu, haginak beheko hortz-nerbioarekin zer nolako lotura duen jakin nahi dugunean.

Eskaner edo OTAaren ordez (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala), gaur egun CBCTa erabiltzen hasi da (Cone Beam Computed Tomography). Kasu batzuetarako eskanerrak baino zehaztasun gutxiago badu ere, buruko hezurren primerako 3D irudiak eskaintzen ditu, baita masailezurretakoak eta horietan dauden hortzenak ere. Hezurren irudi horri pazientearen argazki digital bat jar dakioke aurrean eta, gainera, ipintzea planifikatzen ari garen inplante eta hortz berrien irudia gehitu diezaiokegu.

Horrela ditugun protesi-aukerak aztertu ahal izango ditugu. Horri esker, pazientearekiko komunikazioa hobetu egiten da, tratatzeko dituen aukerak eta ondorioak azaldu ahal izango zaizkiolako, eta irudiekin gainera. Halaber, lortu nahi dugun emaitza zein den ikusi ahal izango du protesigileak bere laborategian eta ideien trukea erraztu egingo da hortz-protesi egokiena, funtzionalena eta estetikoena zein den erabakitzerakoan.

impresion-dientes-3d

Gainera, “hortzen liburutegia” egiten ari dira, hau da, egile batzuek benetako pertsonen hortzeria naturalak argitaratzen ari dira, oso estetikoak direla iruditzen zaizkien horiek. Dentistak gustukoen duen eta paziente jakin batentzako egokiena den hortzeria aukeratu eta protesigileak 3D inprimagailu batekin hortzeria jakin hori egin dezake. Egia esan, pazientea gazte zeneko argazki on batekin, hortzeria berdina egin ahal izango litzateke paziente heldu horrentzako, batik bat hortzak eta hortzoi arrosa erretxinaz edo portzelanaz egin nahi den hortzeria osoa bada.

Gaur egun hortz eta hortzoien inprimatzeak​ ​silikonaz edo alginatoz egiten ditugu kontsultan, eta aho barruko 3D eskanerra ere erabiltzen hasi gara.

Iraultza digitala bizitzen ari gara, baita odontologian ere; horrek esan nahi du gure eguneroko praktika profesionala ere aldatu egingo dela urte gutxi barru.